Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa, etzi

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 4a, 00:00

Hamaika Gara dinamikari helduko diote berriro, eta Kale Nagusian jarriko dute mahaia larunbat eguerdian. 

Udarako atsedenaren ondoren, berriro helduko diote Hamaika Gara dinamikari. Eta horren baitan, erreferendumaren aldeko sinadura bilketarako hitzorduak jarri ditu Hernaniko Gure Eskuk. Dagoeneko 640 sinadura bildu dituzte herrian, eta urte bukaerara arte jarraituko dute.


Horrela, larunbat honetan ja­rri dute hitzordua: mahaia jarriko dute Kale Nagusian, eguerdiko 12:00etan hasi eta 13:30ak arte. Eta hurrengo hitzordua, abenduaren 18an izango da, hori ere Kale Nagusian, ordu berean.


Baina bi egun horietan ez ezik, beste edozein egunetan ere badago sinatzeko aukera, internet bidez, hamaikagara.eus web orriko Sinatu atalean.
Hernaniko Gure Eskuk deia luzatu die hernaniarrei: «harrotasunez burua altxa, sinatu eta aldarri ozena egin dezagun, gu denon eskubideak baitaude jokoan. Orain arte bezala, ez atzera ez aurrera geratu ez gaitezen, kanpaina honi babesa ematea ezinbestekoa dela uste dugu».


Horretarako, sinatzeaz gain, mezua inguruan zabaltzen ere lagundu daitekeela gogorarazi dute: elkarteetan, taldeetan eta lantokietan. «Eman diezaiogun azken bultzada denon artean; aldarrikatzen ez dena, ez baita eskuragarri bihurtzen. Astindu dezagun gure ingurua, errefe­ren­duma beharrezko tresna baita, Euskal Herriak bere etorkizuna erabaki ahal izan dezan».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!