Egun osoko jaialdia izango da Kontrakantxan, larunbat honetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 4a, 00:00

BassAgain taldeko disko jartzaileak ere egongo dira Kontrakantxan, etzi.

Hausnarketa saioa, bazkaria, eta Aitza eta BassAgain taldeen kontzertuak izango dira, Itaiak antolatuta.

Itaia Buruntzaldeak antolatuta, egun osoko jaialdia izango da larunbat honetan, Kontrakantxa gaztetxean. Goizean ekingo diote, eta hausnarketa saio bat egingo dute aurrena: emakume­en sexualizazioa izan­go dute aztergai, 11:00etan hasita.


Ondoren, eguerdian, bazkaria egingo dute gaztetxean bertan. Horretarako, aldez aurretik eman behar da izena, Goiz Argi tabernan edo Itaia Buruntzaldearen sare sozialetan. Biharkoa da horretarako azkeneko eguna. Alergiaren bat dutenei, edo begetarianoak direnei, eskatu diete izena emateko momentuan abixatzeko. Eguerdiko 14:30etan hasiko da bazkaria.


Eta eguna borobiltzeko, musika izango da protagonista, Kontrakantxan. Izan ere, bi talderen kontzertuak antolatu dituzte. Aitza taldeak eskainiko du aurrenekoa, iluntzeko 19:00etan hasita. Talde akustiko berria da, udara aurretik martxan jarri zutena, bi azpeitiarrek. 


Bigarren emanaldia, berriz, BassAgain taldeak eskainiko du, gaueko 22:00etatik aurrera. Hainbat disko jartzailek osatzen dute taldea, eta reggae eta dancehall musika estiloa eskaintzen duen soinu sistema da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!