Erasoei nola aurre egin lantzeko saioa gaur Herrigunean, KOSA zikloaren barruan

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 4a, 00:00

Arrasateko Gaztetxean egin zuten aurreneko saioa. Argazki: Ehgam elkartea

Bigarren saioa izango du gaur, Koronabirus Osteko Sexu Askapenerako hausnarketa zikloak, Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduak antolatuta. Urumea Herrigunean egingo dute, arratsaldeko 18:30etan hasita.

KOSA (Koronabirus Osteko Sexu Askapena) hausnarketa zikloa jarri du martxan Ehgam elkarteak; Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduak, hain justu. Hainbat saioa antolatu dituzte, eta joan den asteazkenean Arrasaten hasitako bideari, gaur emango diote segida Hernanin: Urumea Herrigunean egingo du­te bigarren saioa, 18:30etan.


Saio horretan, galdera bat izango dute, talde hausnarketarako abiapuntu: Zer egin erasoen aurrean? Horrela, landuko dute zein den erantzun egokiena LGTB+ fobiaren aurrean, gorroto diskurtsoen aurrean, edozein motatako erasoren aurrean, hilketen aurrean... «Emakumeek* zein zisheteronormaren beste aldean bizi garen errealitate guztiek lortu ditugun urratsen aurrean, faxismoaren gorakadak eta jarrera erreakzionarioek laguntzen dute erasoak eta horien birulentzia areagotzen. Ho­rregatik, ziklo honetan ezinbestekotzat jotzen dugu gogoeta egitea denon artean, errealitate gordin horri eman nahi diogun erantzunari buruz. Horretarako, gonbidatzen zaituztegu gai horien inguruko eztabaidarako eta arakatze kolektiborako gune honetara. Lege gehiago izateak, hobeto babesten al gaitu? Zigor haundiagoek gehiago babesten gaituzte? Zer hartu beharko luke kontuan sexu askapen mugimenduak gai horren inguruan? Nola indartu dezakegu autodefentsa eta antolaketa LGTB+ fobiaren aurrean?».

Ziklo berri baten hasiera, Ehgam elkartean
1976an sortu zen Ehgam elkartea, Euskal Herrian lehenengo LGTB+ eragilea izanik. Aurten, belaunaldi berri batek hartu du lekukoa, «ziurgabetasun eta prekarietate sozialaren, oinarrizko eskubide urraketen eta gorroto diskurtsoen zein eskuin faxistaren gorakadaren giroan». Eta ziklo berriari hasiera emanez, KOSA hausnarketa zikloa antolatu du, Ehgam «berrirudikatzen, berpentsatzen, berformulatzen, berrarmatzen eta berramesten laguntzeko prozesu gisa».
Saioetan parte hartzeko, internet bidez eman daiteke izena, kosa.ehgam.eus webgunean. Zikloari buruzko informazio guztia aurkitu daiteke bertan, eta Twitter, Facebook eta Instagram sare sozialetan, @kosa_gara eta @ehgam_gara kontuetan.


Etzi izango da hirugarren sa­ioa, Bilboko Karmelan goizeko 10:00etan hasita, mahai inguru eta elkarrizketa kolektiboekin

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!