'Ibaia ez da toki bat' proiektuaren dokumentala estreinatuko dute gaur arratsaldean, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 3a, 00:00

Nagore Legarretak eta Bira Produkzioak taldeak, landu dute ibaiak nola ikusten gaituen eta guk nola ikusten dugun, «oso modu artistikoan».

Ez da ohiko dokumentala izango, gaur arratsaldean Biteri kultur etxean proiektatuko dutena: Ibaia ez da toki bat dokumentala estreinatuko dute bertan, Nagore Legarretak eta Bira Produkzioak taldeak. 19:00etan izango da, eta dokumentala ikusi nahi duenak, aldez aurretik eskuratu beharko du gonbidapena, Biteriko sarreran bertan.

38 minutuko dokumentala izango da, eta «ibaian behera doa kontakizuna». Urumea ibaia da protagonista, eta bi galderari erantzuten dio ikusentzunezko­ak: nola ikusten gaituen ibaiak, eta guk nola ikusten dugun ibaia. Aurrenekoa lantzeko, koloretako paper analogikoa sartu zuen Nagore Legarretak, 100 bat lataren barruan; eta horrek sortutako irudiak jaso ditu gero. Bigarrena, berriz, zenbait tailerren bitartez jorratu zuten Legarretak eta Bira Produkzioakeko kideek: partehartzaileen testigantzak eta kamera bereziekin egindako irudiak bildu zituzten, eta ikusentzunezkoan txertatu dituzte horiek ere.

 

Amonaren ahotsa, kontakizunerako haria

Baina horrez gain, dokumentalak badauka hari bat, kontakizuna gidatzen duena: Juana Ugalde zenaren ahotsa, Nagoreren amo­narena. «Ibaiari lotutako istorioak zeuzkan berak, eta proiektuarekin hasteko, telefonoz kontatu zizkidan, adinekoen egoitzan konfinatuta zegoelako. Deiak grabatu egin nituen, eta dei bakoitzak, Urumea ibaiaren geldialdi bat irudikatzen du. Aurreneko deietan tonu alai batean kontatu zidan amonak, baina azkeneko deian etsituago nabaritzen zitzaion. Amona hil zen, baina bere ahotsa dokumentalean sartzea erabaki nuen», kontatu du Legarretak.

Dokumentala osatzeko, Bira Produkzioakeko kideek «sekulako lana» egin zutela nabarmendu du Nagore Legarretak; eta aitortu du, estreinatzeko «desiatzen» dagoela, «toki askotatik etorriko direlako senideak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!