«Aurrera egin dugu eta, elkarrekin, aurrera egiten jarraituko dugu»

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 2a, 00:00

Joxe Kurutz Elosegi, elkarteko lehendakaria, ostiraleko aurkezpenean.

Ostiralean izan zen Hernaniko Rugby Elkarteko aurtengo denboraldiko aurkezpena. Jendez bete zen Atsegindegi, klubeko jokalariak ezagutzeko. 

Joan den ostiralean aurkeztu zituzten aurtengo denboraldiko taldeak Hernani Rugby Elkarteko kideek, Atsegindegin.


Rafa Larretxea aritu zen aurkezle lanetan eta berak hartu zuen lehenengo hitza. Banan bana igo ziren talde guztiak oholtza gainera, gaztetxoenetatik hasita seniorren txanda heldu arten. Txalo zaparrada jaso zuten guztiek eta, talde batzuetako entrenatzaileei ere galderak egin zizkien Larretxeak, aurtengo helburuak zeintzuk diren jakiteko. 

Oholtzara igotako azken taldea izan zen Ohorezko B mailakoa. 


Ondoren, Joxe Kurutz Elosegi, klubeko zuzendari berria, jarri zen jendaurrean: «mila esker etorritako guztiei. Zuzendari gisa oholtzara igotzen naizen lehenengo aldia da gaurkoa, eta espero dut ondo aritzea. Orain arte eredu ona izan dut Juanitorekin, baina merezitako atsedena behar zuen eta erreleboa hartzeko erronka gogotsu onartu nuen». 

Erreferente dira lehenengo taldeko jokalariak klubeko gaztetxoentzat.
 

Zutik, oztopo guztien gainetik
Oztopoak oztopo, pandemiaren ondorioak agerikoak diren arren, Elosegik aipatu zuen aurrera egiten jakin dutela: «azken urte hau oso latza izan da klubarentzat. Pandemia medio, mailaz jaitsi gintuzten, zelaia eta elkartea itxi zen, iragarleak galdu genituen, eta abar. Oso latza izan zen, batez ere, ekonomikoki. Hala ere, zorionez, sekulako taldea dugu eta zuei guztioi esker jarraitzen dugu hemen: jokalariak, entrenatzaileak, gurasoak, herritarrak eta elkartean laguntzen duten guztiak». 

Zuzendaritza aldatzearekin batera, hainbat arlotan sakontzen ari direla aipatu zuen lehendakariak. «Alde batetik, beti bezala, kirolean. Beste alde batetik, euskera batzordea. Euskera da gure hizkuntza eta klubean horren alde egingo dugu; uste dugu, gainera, erreferente garela horretan. Horrez gain, berdintasuna eta parekidetasuna lantzen ditugu. Sinatu berri dugun eraso sexisten aurkako protokoloa lantzen ari gara eta horretarako batzordea sortu nahi dugu». 

Euskal Ligako taldea ostiraleko aurkezpenean, Atsegindegin. 


Elosegiren hitzak amaituta, Larretxeak itxi zuen ekitaldia. Hainbat ohar gehitu zituen aurkezpena bukatu aurretik. Besteak beste, aurtengo garagardo azoka azaroaren 11tik 14ra izango dela. «Bertan izango gara zuen guztion zain!»

Jokalariek adi-adi itxaron zuten beraien txanda, oholtzara igotzeko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!