2022ko udal zergak eta tasak %1,5 igotzea onartu berri du Plenoak

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 31a, 00:00

Pasa den astearteko Plenoa

KPIren azpitik igotzearen alde bozkatu zuten EH Bildu eta Podemosek eta aurka agertu ziren EAJ eta PSE-EE. «Oreka ekonomikoa eta zerbitzu publikoen kalitatea eustea da helburua», aipatu zuen Isa Sánchez Ogasun zinegotziak.

Pasa den astearteko Plenoak 2022ko zergak eta tasak %1,5 igotzea onartu zuen. Urtero, zergak eta tasak eguneratzeko garaian, ohiko irizpidea izan da kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igotzea, baina aurten salbuespena egitea egoki ikusten du gobernuak. Izan ere, iazko uztailetik aurtengo uztailera arteko igoera %2,9koa da. Igoerarik nabarmena apiriletik aurrera gertatu da, orduan hasi zelako argindarraren eta erregaien prezioaren gorakada. 


Hori dela eta, argindarra eta erregaia ekuazio horretatik atera eta iazko uztailetik martxora bitarteko igoera soilik kontuan hartzeko proposamena egin zuen gobernuak, alegia, %1,5ekoa. Udal gobernuaren ustez, «herritar, enpresa eta merkataritza askoren ekonomia asko kaltetzen ari delako argindarraren eta erregaien prezioaren muturreko igoera hori». EH Bildu eta Ahal Dugu Hernani alderdiek alde bozkatu zuten eta EAJ eta PSE-EEk berriz aurka.  


«Nolanahi ere, udal kontuen oreka ekonomikoa -gastuaren eta diru-sarreren artekoa- eta zerbitzu publikoen kalitateari eustea ere aintzat hartu behar da» azpimarratu zuen Isa Sanchez Ogasun zinegotziak. 

Igoera orokorra %1,5ekoa izan arren, badira igoko ez diren zenbait zerga eta tasa 
Hala ere, badira igoko ez diren zenbait zerga eta tasa. IBI industriala, IAE (Jarduera Ekonomikoaren gaineko zerga), ICIO (Obra, Eraikuntza eta Instalazioen gaineko zergak) ez dira igoko, Foru Arauak markatzen dituen topeak maximoetan daudelako. Gainbalioaren tipoak (plusvalia) ere ez dira igoko.


Ez dira igoko merkataritza, kultura eta zerbitzu sozialekin lotutako tasak. Merkataritzan: establezimienduak irekitzeko lizentziak, asteko azoka eta udaletxeko arkupeko postuaren tasak; Kultura: zinema, antzerkia eta kontzertuen sarreraren prezioak, aurten onartuak, mantentzen dira; Zerbitzu sozialetan: etxez etxeko zerbitzuaren prezioa eguneratuko da, baina beste zerbitzuen prezioak mantentzen dira (eguneko arreta eta gizarteratzeko bizitokiak)

Zenbat suposatzen dio elkarbizitzako unitate bati igoera honek?
Igoerak ondorengo dirua suposatzen du; etxeko uraren tasa zentimo bat igotzen da. Hondakinen tasa, 80 zentimo igotzen da ordainagiri bakoitzean. 2022an, lau ordainagiri izatetik bira pasako da. Lehendabizikoa apirila-maiatzean ordainduko da eta bigarrena, iraila-urrian.


Kiroldegiko urteko abonu familiarra 3,5 euro igoko da. 2022an, gainera, berritasunak daude abonuetan. Orain arte bezala, urtekoak edo sehilabetekoak izateaz gain, hiru hilabeteko abonuak eskainiko dira eta hamar egun desberdinetarako bonoak  ere eskainiko zaizkie herritarrei.  


Bestetik, diru-laguntzak, onura fiskalak, hobariak eta errekarguak orain arte bezala mantentzen dira. 


Ahal Dugu-Podemosek neurri hauek onartu zituen «zerbitzu publikoak mantentzeko apustua egin delako», baina EAJ eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten. Bi alderdiek arrazoi antzekoak erabili zituzten. 

«Udala ez da gai izan aurreko urteetan bildu duena gastatzeko»
EAJ-PNVko bozeramaileak argi eta zuzen hitz egin zuen: «Udala ez da gai izan aurreko urteetan bildu duena gastatzeko, eta beraz, ez du zentzurik aurten ere Udal zergak igotzeak».


EAJk adierazi zuenez Plenoan: «2021ean, Zaharren Egoitzaren eta Eguneko Zentroaren kudeaketa Kabiaren esku geratuko da (Foru Aldundia). Hori dela eta, Udalak 400.000 euro gehiago izango ditu 2022ko aurrekonturako. Gainera, hilabete honetan, Foru Aldundiak jakinarazi du Hernanik Foru Funtsetatik aurreikusitakoa baino 1.514.138 euro gehiago kobratuko dituela (Aldundiak Gipuzkoako udalerriei urtero egiten dien ekarpena). Aurreikusia: 13.662.979 euro eta eguneratua: 15.177.117 euro». EAJ-PNV alderdiaren ustez orain ez da Udal zergak igotzeko unea. 


Amaitzeko, EAJ-PNVko bozeramaileak adierazi zuen alderdiaren jarrera ez dela konfrontazio politiko baten ondorioa: «udal zergen igoera babestuko genuke, urtearen amaieran soberakinik ez balego edo gutxi balego; eta baita ere, EH Bilduk urtero bere gain hartzen dituen konpromisoak beteko balitu, eurek proposatutako udal aurrekontuak onartzen dituenean». 

Puntu denak, bi mozio barne, onartu ziren
Bestetik, terrazek 2021eko tasen ordenantzaren hobariak %100a izatea eta asteko ferietako hobariak %50a izatea onartu zen aho batez. 
Aho batez ere onartu zen Añarbeko behe kanalaren alternatiba egitearen mozioa. Gobernu Zentralari eskatzen zaio hoditeri berria eraikitzen hastea. 
Azkenik, energia horniduraren prezioen gorakadaren aurrean hartzeko neurrien inguruan EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zen, EH Bildu eta Podemosen aldeko botoekin, eta EAJ eta PSE-EEren abstentzioarekin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!