Dokumentala eta websaila aurkeztuko dituzte azaroan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 30a, 00:00

2019ko arte sorkuntzarako bekaren irabazleak eta Koro Etxeberria, Biterin.

Herritarrei aurkeztuko dizkiete 'Belarribero, bai esan?' eta 'Ibaia ez da toki bat' proiektuak, azaroaren 3an, 6an eta 13an. Gonbidapenak eskuragai daude Biterin. 

Joan den urteko urrian aurkeztu zituen Udalak 2019ko arte sorkuntzarako bekaren irabazleak. Bi izan ziren beka jaso zuten proiektuak: Zehar Kablea sormen taldearena, eta Nagore Legarreta argazkilariak aurkez­tutakoa. Zehazki, Belarri bero, bai esan? izeneko websaila egiteko beka jaso zuten Aitor Altunak, Uxue Amonarrizek eta Uxue Bereziartuak; eta Ibaia ez da toki bat argazkilaritza proiekturako laguntza, berriz, Na­gore Legarretak izan zuen. Bada, herenegun, urtebeteren ondoren, sortzaileek Biterin aurkeztu zituzten lanak prentsaren aurrean.

Datozen egunetan, berriz, he­rritarren txanda helduko da. Azaroaren 3an, Ibaia ez da toki bat dokumentala proiektatuko dute Biterin, arratsaldeko 19:00etan, eta gonbidapenak eskuragai daude leihatilan. Ikus-entzunezkoaren aurkezpenerako, aldiz, bi egun jarri dituzte: azaroaren 6a eta 16a. 12:00etan jarri dute hitzordua, eta, saio horietarako ere eskuragai daude paseak. Biterin eskura daitezke hilaren 16ko aurkezpenekoak; baina, azaroaren 6an joan nahi dutenek, zeharkablea@gmail.com helbidera idatzi beharko dute. 

Koro Etxeberriak hartu zuen hitza ostegunean eta azpimarratu zuen «sekulako talentua» dagoela herrian; «emozionatu egiten nau, herri bat horrela aberasten da». 

Bilboko ikasle-pisuan hasitako gidoia, pantaila haundira

Belarri bero bai, esan? proiektuaren sortzaileek Bilbon egin zituzten ikasketak, eta, aurkezpenean azaldu zutenez, «pisuan hasi ginen gidoia idazten, nora gindoazen ondo jakin gabe». Eta, horrelaxe, pixkanaka, ideiak eta hariak lotu zituzten eta sei kapituluko websaila egitea lortu dute.  Arazo ekonomikoak dituen linea erotiko baten egunerokoak kontatzen ditu, eta umorea da nagusi. «Inoiz ez dugu horrelako gauza potenterik egin, eta eskerrak eman behar dizkiegu bidelagun izan ditugun pertsona guztiei; zerrenda infinitua da», aipatu zuen Altunak. 

Horrekin batera, prozesu luzea izan zela aitortu zuen Bereziartuak. Denera, urtebete inguru pasa dute gidoia idazten, eta, ondoren, guztia fin-fin jartze aldera, hiru iritzi multzo eskatu zaizkiela horretan adituak zirenei: berdintasuna eta feminisimoa, alde teknikoa, eta euskera. Gero, martxoan hasi zituzten grabaketa saioak Martin Ugalde parkean. 

Datorren larunbatean izango dute lehenengo aurkezpena jendaurrean, eta sorpresa ugari izango dira; «nahi baduzue, etorri elegante jantzita, photocalla izango dugu-eta». Proiekzioa 12:30etan hasiko dute; «ondoren, bazkaltzera eta... jarrai dezala festak!». 

Goizuetatik, Donostiara

Nagore Legarretak Ibaia ez da toki bat dokumentala sortu du, Bira Produkzioak taldearen laguntzarekin. Aurkezpenean, Beñat Iturrioz eta Legarreta bera izan ziren, eta liluratuta utzi zituzten bertaratutakoak, dokumentalaren trailerarrarekin eta horren bueltako azalpenekin. 

Urumea ibaia «oso modu artistikoan» ikertu dute, «emozionalki zein estetikoki». Horretarako, bi galdera bota dituzte airera: Ibaiak nola ikusten gaitu gu? Nola ikusten dugu guk ibaia? 

Galdera horiei erantzuteko, hernaniarrak ibaiaren ikuspegitik atera ditu argazkiak, koloretako paper analogikoa 100 bat lataren barruan sartuta. Horrez gain, antolatutako tailerretan parte hartu dutenen testigantzak bildu eta ikus-entzunezkoan txertatu dituzte. Gainera, guztia lotzen duen muina Nagoreren amona zenaren ahotsa da; «adinekoen egoitzan konfinatuta zegoenean, telefonoaren beste aldetik kontatu zizkidan Urumearen bueltako istorioak, eta bere ahotsa ibaiaren geldialdi bakoitzean batzea erabaki nuen».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!