«Sekula ez nuen grada horren beteta ikusi; bultzada haundia ematen du horrek»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 30a, 00:00

Hernaniko Euskal Ligako lehenengo mailako taldea, Aitor Lizarazu entrenatzailearekin. Argazkia: Lauri Matias

Martxa hartuta daude dagoeneko, boleiboleko Euskal Ligako jokalariak. Hernaniarrek bi partidu jokatu dituzte orain arte, eta garaipenik lortu ez duten arren, Paula Ibisate kapitainak eta Ainhoa Azabalek ziurtatu dute emateko «asko» dutela oraindik. Argi dute aurtengo helburua: «lanean jarraitzea eta mailari eustea».

HERNANI  BOLEIBOLA

Euskal Ligako lehenengo mailan dago aurten Hernani, Euskadiko maila gorenean. Joan den urtean fusioa egin zuten Fortunako emakumezkoen taldearekin, eta plantilla berria osatu dute. Duela bi aste hasi zuten denboraldia, Bera Beraren aurka, etxean. Lehia biziko partidua izan zen arren, garaipeneko puntuak Donostiara joan ziren azkenean; eta, joan den astean ere porrota jaso zuen Hernanik, Getxoren aurka. Paula Ibisate kapitainak eta Ainhoa Azabal hernaniarrak argitu dute taldeak «asko» duela emateko oraindik. Gakoa: «pistan elkar hobeto ulertzea».

«Entrenatzen hasi gineneko egunekin alderatuta, taldeak aurrerapauso haundiak eman ditu», kontatu du Ainhoak. «Hilabete eman genuen aurredenboraldian eta, gero, partiduetan jarri genuen fokua. Entrenamendu horietan, teknikari eman genion garrantzia. Hasieran, hiru entrenamendu egiten genituen; orain, berriz, bi saio ditugu, bakoitza bi ordukoa», jarraitu du. Gainera, taldea osatu berri dutenez, emaitza hobeak lortu ahal izateko, argitu dute jomuga dela «jokoan ondo koordinatzea. Oraindik elkar ulertzeko prozesuan gaude. Azken bi partidu hauek adaptazio prozesukoak direla ulertzen dugu, eta galdu badugu ere, denboraldiko gainerako norgehiagoketarako positiboa izango dela uste dut», azaldu du kapitainak.

 

«Alde haundia, Gipuzkoakoaren eta Euskadikoaren artean»

Paulak eskarmentua du Euskal Ligan, hiru urte pasa baitzituen lehenengo mailan eta bat, berriz, bigarrenean. Hernaniarrek, ordea, oraintxe hasi dute bidea maila horretan, eta «salto haundia» nabaritu dutela aitortu du Ainhoak. «Lehen, jubeniletan jokatzen nuen, eta orain ere jubenila naizen arren, seniorren taldean nago. Partiduetan eta entrenamenduetan alde haundia nabaritzen da. Entrenamenduei dagokienez, entrenatzaileak exijentzia haundia eskatzen du, eta  erritmoak ez du zerikusirik joan den urtearekin».

Paulak ere Ainhoak esandakoa baieztatu du: «Hernanikoak zirenak, orain arte ez dute Euskal Ligan jokatu, eta hori nabaritzen da. Gipuzkoakoan, maila baxuagoa zegoen. Hala ere, topera ari gara entrenatzen eta hobekuntza haundia izan dugu denbora gutxian. Gainera, guztioi etorri zaigu ondo aldaketa hau. Urte asko pasa ditugu elkarrekin jokatzen, eta, horregatik, fusioa ona izan da guztiontzat».

Bestalde, aurten ere maila ona dagoela ziurtatu dute biek. Dena den, Paularen esanetan, «parekatuagoa» izango da lehiaketa. «Lehengo urtean, bagenekien talde batzuk galdu egingo zutela eta besteek, berriz, irabazi. Orain, guztiok gaude paretsu. Faborito baten izena ematekotan, Sestao aipatuko nuke; baina, esan bezala, nahiko paretsu gaude guztiok».

 

Helburua: mailari eustea

Maila erakutsi nahi du Hernanik. Helburua, hain justu, «kategorian mantentzea» dela helarazi dute; «eta, horrekin batera, datorren denboraldira iristea taldea guztiz sendotuarekin. Hau da, gure xedea da kantxan elkar ondo ulertzea eta jokaldi koordinatuak egitea», dio Ainhoak. Kontatu dutenez, taldekideek poltsikoan dute hori guztia lortzeko tresna: «talde polita dugu, oso ondo moldatzen gara eta giro ona dago», onartu du Ainhoak. «Talde horretan, ez nuen inor ezagutzen eta oso gustura sentitu naiz hasieratik, babes haundia jaso dut».

Liga amaitzean, sailkapen orokorrean, «erdialdeko postuetan» irudikatzen dute taldea. Baina itzulia hobea izango da, joanekoa baino. Esperientzia gehiago izango dugu, ikusiko dugu taldeak zer nolakoak diren, zein jokalari dauden, eta abar; eta horrek emaitza hobeak izaten lagunduko digu», adierazi du Paulak. 

«Aurreko bi partiduak galdu ditugun arren, talde honek asko du emateko eta erakusteko oraindik»

Gero eta jende gehiago, kantxan zein harmailetan

Aurten, 12 talde ditu Hernanik: 8 nesketan eta 4 mutiletan. «Hazkunde haundia izan da azken urteotakoa», aipatu du Ainhoak horren harira. «Kirol honetan hasi nintzenean, nire adineko talde bakarra zegoen eta, gainera, jokalari gutxi zeuden.  Partidurako justu-justu moldatzen ginen. Gero, talde hori bitan banatu zen eta, horrela, pixkanaka, gero eta talde gehiago daude klubean. Orain, entrenamenduro, gurekin batera, beste bi talde egoten dira pistan. Hau da, kantxa hiru zatitan banatzen da. Pentsa… talde mordoa dago!».

Hernanik ez ezik, aldaketa hori Gipuzkoan eman dela uste du Paulak. «Kadete mailan, adibidez, urritik abendura bitartean, denboraldi aurreko txapelketa modukoa jokatzen zen,  multzo bakarrarekin. Aurten, berriz, bi multzo daude: A eta B. Gainera, talde asko daudenez, ez du denbora ematen bi itzuli egiteko eta talde guztiek elkarren aurka jokatzeko. Egia da, hala ere, infantiletan, jubeniletan eta seniorretan talde gutxiago daudela».

Atzean lan haundia dagoela adierazi dute biek. «Nire ikastetxean, urtero ikusi ditut boleibolera apuntatzeko kartelak. Hala ere aipatu beharra dago, deialdiak, batez ere, mutilei zuzendutakoak izan direla. Izan ere, lehen behintzat, ez zegoen ia talderik. Jokatzeko gogoa zuten bi edo hiru mutilek ez zuten taldea osatzeko aukera», azaldu du hernaniarrak.

Horren guztiaren bueltan, gogoeta egin du Paulak eta azpimarratu du «garrantzitsua» dela gaztetxoetan taldeak sortzea, etorkizunean taldeak sortzeko eta jarraipena izateko. «Nolanahi ere, hasieran, multikirola izaten da eta ezin da kirol bakarra aukeratu. Eta, lehen, infantiletan, boleiboleko talde asko ez zeudenez, zailagoa izaten zen talde sendoak osatzea eta jarraipena ematea».

«Bultzada haundia ematen du jendea gradan ikusteak»

Denboraldiko lehenengo partiduan harmailak bete zirela kontatu dute. «Sekula ez dut horrenbeste jende ikusi boleiboleko norgehiagoka batean, eta motibazio haundia izan zen hori. Bertan izan ziren, Hernaniko beste zenbait talde, taldekideen lagunak eta senitartekoak, eta baita herriko jendea ere», dio Paulak. «Gainera, pista gaineko pasillotik pasatzen zen jendea ere partidua ikusten gelditzen zen; eta, horietako batzuk, eseri ere egiten ziren!», gehitu du Ainhoak.

«Guretzat ez zen partidu erraza izan, baina jendearentzat oso interesgarria eta ikusteko entretenigarria izan zen. Joan den urtean, asko sumatu genuen publikoaren falta, baina orain bueltan dira berriz ere, eta hori sekulakoa da guretzat. Nire lagunek pankarta eta guzti egin zidaten!», gogoratu du, irrifartsu, Paulak.

Etorkizunera itxaropentsu begiratzen diote biek, «jakin badakigulako garaipenak helduko direla». Asteburu honetan atsedena dute, baina «gogor» entrenatzen jarraituko dutela ziurtatu du kapitainak. Hurrengo geltokia azaroaren 13an izango dute, 16:45etan, Aroren aurka, etxean. «Bi aste ditugu partiduan kontzentratzeko. Dena emango dugu, betiko moduan!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!