«Oso gaizki sentitzen naiz; ez dut ezer lapurtu, berreskuratu baizik»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 29a, 00:00

1947an Reliegos herrian (Leon) erori zen meteoritoaren zati bat.

1947an, Leongo herri batean eroritako meteorito baten zati bat jarri zuen salgai hernaniar batek; eta, orain, bidegabeko jabetza delitua egotzi diote. Kronikak berarekin hitz egin du. 

Azken egunotan, hautsak harrotu ditu meteorito baten gertaerak. Istorioa ulertzeko, 1947ra egin beharko dugu atzera, Leonera. Urte hartan, abenduaren 28an, 17 kiloko meteorito bat erori zen Reliegos herrira.  Herritar guztiak aho zabalik gelditu ziren, ez baitzuten espero 4.000 urteko harri espazial bat bertara heltzea. Baina, orain, 74 urte beranduago, gertaera puri-purian dago berriro ere.  Izan ere, Juan Carlos Manjarres hernaniarrak meteorito horren zati bat, 585 gramokoa, salgai jarri zuen interneten. Baina, Guardia Zibilak horren berri izan zuenean, bidegabeko jabetza delitua egotzi zion. Horregatik, momentu honetan, Espainiako Natura Zientzien Museo Nazionalean dago, Madrilen. Kronikak Juan Carlosekin hitz egin du, eta hernaniarrak argi utzi du ez duela ezer lapurtu, «berreskuratu baizik». 


«Urnietako zabortegira bota behar genuen guztia, eta hortxe topatu nuen harria»

Hernanikoak azaldu duenez, «atsekabetuta eta oso gaizki» sentitzen da azken egunotan gertatu den guztiarekin. «Notizia hedabide guztietan atera da eta oso minduta nago eman zaion trataeragatik; delitugiletzat utzi dute nire burua, eta nik ez dut ezer ezkutatzeko. Hainbat aldiz errepikatu dudan moduan, duela 6 edo 7 urte inguru, biltoki bat hustu genuen. Ni 2007an hasi nintzen lanean mudantza enpresa horretan, eta nagusiak, noizean behin, ordaindu ez diren lokalen errebisioa egiten du. Horietako batean, ohartu zen Don Manuel Laborderen biltokia zenak husteko agindua zuela. Izan ere, enpresa batean bere gauzak gordetzeko lekua zuen eta zendu zenez geroztik (1993) alkilerra ordaindu gabe zegoenez, gure zerbitzua kontratatu zuten biltokia husteko», adierazi du.

Lan horretan hasi aurretik, Laborderen senideekin harremanetan jartzen saiatu zirela ziurtatu du Juan Carlosek; «hala ere, behin eta berriz saiatu baziren ere, ez zuten lortu inorekin hitz egitea. Beraz, hustuketarekin aurrera egitea erabaki zen». Telefonoaren beste aldetik, oroitu du «bi kamioi eta erdi inguru» bete zituztela guztiarekin; «denetarik bildu genuen». Gero, Urnietako zabortegira joan ziren guztia hustera. «Horretan ginela, atentzioa eman zidan harriz betetako kaxa batek. Oso gustuko ditut mineralak eta etxera eramatea erabaki nuen. Nik hartu izan ez banu, hondakinen artean bukatuko lukete harri eta mineral horiek».

Etxera iristean, banan bana aztertu zituen guztiak. «Kaxa ireki eta harri guztiak egunkariko paperarekin bilduta zeudela ikusi nuen. Gero, sorpresa heldu zen konturatu nintzenean harri horietako bat meteorito bat zela; harriak plakatxo bat zuen Aerolito (Condrito), Reliegos eta bestelako azalpenekin. Ikertzen hasita, jakin nuen balio ekonomiko haundia zuela, eta horrexegatik jarri nuen salgai». 


«Guardia Zibila Madrildik etorri zen nire etxera, Hernanira»

Juan Carlosek kontatu du duela bi aste Guardia Zibilaren patruila bat bertaratu zela bere etxera. «Lehenik, telefonoz deitu zidaten. Egun on, zu al zara Juan Carlos? Baiezkoa eman nuen. Interneten salgai jarri duzun objektu baten harira deitzen dugu; meteorito batengatik, alegia. Guardia Zibila gara, zure etxe azpian gaude; irekiko al diguzu atea? Ala, zu jaitsiko zara? Etxera sartzeko gonbita egin nien. Hasieran, ez zuten sartu ere egin nahi, ez baitzuten sartzeko agindurik. Dena den, berriro errepikatu nien gauza bera eta ni bezalaxe, harrituta zeudela aitortu zuten. Madrildik zetozela esan zidaten, nagusiak Hernanira bidali zituela, meteorito baten bila. Eta, besterik gabe,  bi aukera eman zizkidaten: meteoritoa borondatez momentuan ematea ala, bestela, beraiek ekarritako agindu judiziala sinatzea eta meteoritoa ematea. Jakina, emateko arazorik ez nuela esan nien».

Intxaurrondoko kuartela non zegoen ez zekitenez, Juan Carlos berak erakutsi zien bidea. «Esan zidaten meteoritoa poltsa prezintatu batean sartuko zutela eta museora eramango zutela bertakoek zaintzeko, baina poltsa ez zutela irekiko. Hala ere, gezurra da hori. Komunikabide guztietan argitaratu dute argazkia eta bildu gabe dago harria, beste pieza batzuen alboan».

Guztiagatik, «kezkatuta» dagoela aitortu du Juan Carlosek; «garrantzitsua den harria berreskuratu dut. Hartu izan ez banu, basuretan egongo litzateke, eta erantzuna ez da ona izaten ari».

Amaitzeko, azpimarratu du hau guztia ez dela lapurreta izan.  «Esan bezala, zabortegian geundela topatu nuen kaxa. Gainera,  ondo fijatuz gero, harriaren plakan argi ikusten da museoak 113,84 gramo eskuratu zituela eta, gainerakoak, 585 gramoak, Laborderenak zirela. Horrenbestez, meteoritoa berea da eta ez, berriz, museoarena. Gainera, nola pentsatuko dut Euskal Herrian erreferentea eta hain izen haundiko pertsonaia den Don Manuel Labordek berea ez den zerbait lapurtuko zuela? Eta, are gehiago, lapurtua baldin bada, nola bururatuko zait salgai jartzea? Laburbilduz, nire ustea da meteorito hori berea zela, eta kitto». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!