Free to be Wild: Buluwayo

BERRIA 2021ko urr. 28a, 18:34

Zimbabwen bisitatu dugun bigarren GKEa da Buluwayon aurkitzen den Free to be Wild. 2013 urtean eman zion hasiera proiektu honi Baye Pigorsek. 22 urte besterik ez zituela animalien eta parke naturalen mundua ondo ezagutzen zuen berak, Safari munduan argazkilari lanetan ibilitakoa baitzen.

Parke naturaletan primate talde asko bizi dira beste hainbat animaliekin batera. Gizakiaren ekintzen (ehiza, kotxeekin harrapatu…) edo animalia basatien erasoen ondorioz, primateak zauritu edo umezurtz geratzen dira batzuetan eta ahulegiak dira bizirauteko. Animalia horientzako errehabilitazio zentroak daude. Bertan animaliak “entrenatu” egiten dituzte berriz ere parke naturaletan askatu ahal izateko.

Baye ohartu zen Zimbabweko primate ahulek Hegoafrikara edo ondoko herrialdeetara bidaltzen zituztela Zimbabwen bertan horrelako zentrorik ez zelako. Behar hori ikusita jarri zuen martxan proiektua.

Hasieran babuino eta tximinoekin bakarrik lan egiten zuen. Baina urte gutxiren buruan proiektua arrakasta izaten ari zela ikusirik, beste animalia batzuk ere errehabilitatzen hasi zen. Gaur egun zazpi langilek osatzen dute erakundea eta primateez gain zebrak, jirafak, inpalak, kuduak, loroak, paumak, hontzak, putreak, mangosta marradunak eta otolemurrak ere zaintzen dituzte. Lesio larrienak dituzten animaliak bertan geratuko dira bizi osorako.

Guztiek izen eta historia propioa dute eta langileek modu pertsonalean ezagutu eta tratatzen dituzte. Animalia eta langileen arteko harreman estu horrek animalien ongizatea bermatzen duela ikusi dugu.

Eguneroko lana

Hemen igarotako lau egunetan animaliekin lan nola egiten duten bertatik bertara ikusteko aukera izan dugu. Hiru betebehar nagusi izaten dituzte: jaten eman, errehabilitazio ariketak eta mantenu lanak.

Jana 07:00, 12:00 eta 14:00etan banatzen zaie animaliei. Haien dieta zereal eta barazkietan oinarritzen da. Ikusi dugunagatik jan aldetik ederki bizi dira hemengo animaliak!

Azaldu digutenez, primateak parke naturaletan berriz ere askatu ahal izateko eta bertan seguru egoteko 20-25 unitate inguruko taldeak sortu behar dira. Talde lanean soilik lortuko dute bizirautea. Hala ere, primate horiek banan bana edo talde txikitan ekartzen dituzte zentrora. Hasieran ez dute elkar ezagutzen eta denak eremu bakar batean sartuko balituzte, beraien artean burrukatuko lirateke hil arte. Horregatik, taldea sortzeko prozesua geldoa eta progresiboa da.

Beraien artean ezagutu ahal izateko eta taldekide bilakatzeko, primateak kaiola ezberdinetan sailkatzen dituzte lehenik. Ondoren, “bush walk” deitzen zaion ekintza egiten dute goizero. Elkarren artean ezagutzen ez diren primateak paseo bat ematera ateratzen dira basora langile baten begiradapean. Ekintza honen helburuak dira beraien kabuz janaria aurkitzen ikastea eta elkar ezagutzea.

Hala ere, hori babuinoekin bakarrik egin daitekeela esan digute. Tximinoekin paseo horiek egitea ezinezkoa da alde egingo luketelako. Horregatik, tximinoen kasuan kaioletan egiten dute adaptazio fase hau. Pixkanaka kaiola berean unitate berriak sartuz. Taldean ondo jasoak izango direla ziurtatzeko begirale bat izaten da bertan lehen egunetan. Gazteenak etxean bertan izaten dituzte, Chucky adibidez. Aste gutxi batzuk besterik ez ditu baina batetik bestera jolasten eta ikasten dabil egun osoan!

Lau egunez bost unitateko babuino talde batekin “bush walk”-a egiteko aukera izan dugu. Talde gaztea da, zaharrenak bi urte inguru ditu soilik. Lehen egunean taldekide berriak ginela eta, segurtasun tarte bat uzten zuten, ez ziren gutaz fio. Uste baino lehenago hartu dute konfiantza hala ere. Azken bi egunetan jolas ugari egin dugu beraiekin eta taldekide berri bezala onartu gaituzte. Ekintza oso aberasgarria eta batez ere dibertigarria izan da. Motz geratu zaigu esperientzia, egun gehiagotan ere gustura egingo genuen paseotxoa lagun berriekin!

Arratsaldeak mantenu lanetarako erabiltzen dituzte. Batez ere eremuaren garbiketan oinarriturikoak. Lan hau ez da “bush walk”-a bezain atsegina, baina egin beharrekoa eta garrantzi handikoa baita ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!