17. eguna: Masvingo – Zvishavane (95km, +440m)
Esana ziguten azken hilabeteetan Zimbabweko eguraldia arraro samarra izaten ari zela. Ez genuen espero ordea aurreko eguna 40 gradurekin agurtu ondoren, euritan eta 10 gradurekin esnatuko ginenik. Ezustekoa horren handia izan zen, non aurreko egunean lehortzen utzita genuen arropa guztia blai eginda geratu zen.
Zirak zakutotik atera eta bidea hartu genuen. Ostarte batzuk azaldu zirenean bazkaltzeko tarte bat hartzea erabaki genuen. Baina ideia txarra izan zen. Izan ere, euriarekin batera haizea genuen bidelagun. Hezurrak ere hoztu zitzaizkigun!
Kanpina jartzeko egun aproposa ez zenez hostatu bat hartzea erabaki genuen gaua pasatzeko. Egun osoan zehar itxaroten ari ginen dutxa ere ezin izan genuen hartu. Gutxienez, balde bat ur bero lortzeko aukera izan genuen!
18. eguna: Zvishavane – Filabusi (91km, +643m)
Ia 18 egun bizikletatik jaitsi gabe pasa ostean, entrenatuta edo fisikoki egoera onean ginelakoan geunden. Herrixka bat pasatzen ari ginela bizikleta zahar bat zuen gizon batek agurtu gintuen. Haren bizikleta ez zen gurea bezain modernoa. Ez zuen ez balaztarik ezta kanbiorik ere.
Tipoa agurtu ondoren geurean jarraitu genuen jarraian zetorren portu antzeko bat igotzeko prestatzen. Arnas-estuka, urrunean bukaera ikustean lehenago agurtutako gizon hura gure atzetik eta gu baino zertxobait azkarrago zetorrela konturatu ginen. Ezin zitekeen izan. 50 urte inguruko gizon bat, bizikleta zahar batekin mundua zeharkatzen ari diren bi gazte baino sasoi hobean? Barrezka hasi ginen gizonaren gaitasunarekin txundituta.
19. eguna: Filabusi – Buluwayo (93km, +680m)
Gure artean askotan esaten dugun moduan, eguna non hasi bai, baina non eta nola bukatuko dugun ezinezkoa da asmatzea. Ez zirudien ordea egun honek ezer berezirik utzi behar zuenik. Asmoa arratsaldean GKE batera iritsi eta deskantsu hartzea zen. Erakundea animaliak zaintzen dituen zentro bat da eta iritsi bezain laster haiek bisitatzeko aukera genuela esan ziguten.
Halako batean, kalejira moduko batean amaitu genuen arratsaldea. Aurrean zentroko arduraduna bost babuino gainean zituela zihoan txaranga zuzentzen. Jarraian gu biok erdi lotsatuta eta azkenik, gure atzetik, bi zebra. Aspaldi da jada txaranga batean egoteko aukerarik izan ez dugula eta sentipen pozgarria izan zen!
20. eguna: Buluwayo (Deskantsua)
Bizikletan daramagun karga mugatua denez, maletak prestatzean ez genuen ilea edo bizarra mozteko tresnarik hartu. Tokian tokiko ile-apaindegietan moztuko genuela erabaki genuen. Bidean ginela inoiz ikusi gabeko ile-apaindegi mota batekin egin genuen topo eta bizarrek ala eskatuta bertan geldialdi bat egitea erabaki genuen. Hitzez baino irudien bidez gauzak hobeto azaltzen direnez hor doaz argazki batzuk!
21. eguna: Buluwayo (Deskantsua)
Deskantsu egunak bloga aurreratzeko, bizikletaren mantenua egiteko eta denetan garrantzitsuena, ipurdia aulki eroso batean jartzeko erabiltzen ditugu.
Bizikletaren katea garbitzen ari ginela, transmisioko piñoiak aske genituela konturatu ginen. Konponente hau bizikleten munduan bakarrik erabiltzen den erreminta batekin lotu daiteke, hau da, ezinezkoa da kotxe tailer batean aurkitzea.
Pieza hori nola lortu pentsatzen ari ginela, egun batzuk lehenago ezagutu genuen pertsona bat etorri zitzaigun burura. Bizikletekin arazorik izanez gero, berarekin kontaktuan jartzeko esan zigun. Galdetzean, pare bat telefono zenbaki pasa zizkigun eta berehala aurkitu ahal izan genuen ordura arte Afrikan ikusteko aukerarik izan ez genuen bizikleta tailer bat. Ez dakigu zorteagatik den edo Afrikarekiko dugun ignorantziagatik den, baina ez genuen uste arazoa horren erraz konponduko genuenik.
22. eguna: Buluwayo (Free to be Wild)
Lau egunez Free to be Wild erakundean animaliak zaintzen jardun genuen eta egunero hartu genuen parte “bush walk” izena duen ekintza batean: babuino gazteak laku batera eramaten genituen, han jatekoa aurkitzen ikas zezaten.
Ume txikiak parkera eramatearen antzekoa da. Batzuetan zuhaitz gainean pasatzen zuten goiza guri jaramonik egin gabe. Besteetan gerturatu eta besarkadak jaso eta emateko gogoa izaten zuten. Kuriosoa izan zen batzuetan gurekin jolastu nahian jeloskor jarri eta beraien artean nola haserretzen ziren ikustea. Arbaso berdinak ditugula nabari da!
Egun gutxitan harreman estua egin genuen eta tristuraz agurtu genituen.