10. eguna: Beitbridge (Deskantsua)
Zimbabwen igaro genuen lehen eguna herrialdearen egoera zein zen ezagutzeko, eta batez ere, dirua ateratzeko erabili genuen. Entzunda genuen Zimbabweko Dolarra (ZD) debaluatu egin zela krisi ekonomiko handi baten ondorioz. Hori dela eta 2009tik aurrera, Zimbabweko Dolarraz gain, Estatu Batuetako Dolarra (USD) edo Hegoafrikako txanpona (RAND) erabili daitezke erosketak egiteko.
Horrez gain, jakinarazi ziguten orokorrean erosketa guztiak diru metaliko bidez egin beharko genituela han. Visa txartela ezin izango genuen erabili, eta beraz, dirua atera beharrean geunden.
Bankura joan, eta ordubete inguru ilaran itxaron ondoren, sarea erori zela eta ezin genuela dirua atera esan ziguten. Beranduago berriz saiatzeko. Halaxe egin genuen, eta beste pare bat orduz itxaron ostean, lortu genuen USD pixka bat ateratzea. Eskerrak.
Bankuan, supermerkatuan eta dendetan lasaitasuna da nagusi, hemen ez dago presarik. Pazientzia lantzeko toki paregabea!
11. eguna: Beitbridge – Bubi River (74km, +128m)
Beitbridge eta gure hurrengo geltokia izango zen Masvingo hiria lotzen duen errepideak 280km inguru ditu eta errepide nagusi hori bakarrik dago ibilbidea egiteko. Kamioi ugari pasatzen omen dira egunero eta eremu batzuetan oso estua omen da; bizikletaz egiteko arriskutsuegia, alegia. Galdetu genuen guztietan erantzun bera jaso genuen, ahal izanez gero kotxez egiteko.
Hostatuko langile batek kamioren bat lortzen lagunduko zigula esan zigun eta errepide bazterrera joan ginen asmo horrekin. Gu bezalaxe bide bazterrean jende dezente aurkitu genuen Masvingora joateko garraio bila. Normalizatua omen dago hori. 15 USD balio omen du pertsonako eta bizikletengatik beste horrenbeste. 60 USD guztira.
20 minuturen ondoren kamioi bakarra pasa zenez, errepidez nahastu ginela pentsatu genuen. Trafikorik behintzat etzegoen! Ondoren, konturatu ginen bezperan mugan aldaketa bat egon zela kamioen erregulazio politikan eta horregatik ez zegoela kamioirik. Kamioi bat lortzeko aukerak oso txikiak zirela ikusirik, bitan pentsatu gabe bizikletaz aurrera jotzea erabaki genuen.
Bidean gizon bat ezagutu genuen. Hurrengo egunean, Masvingotik pasa behar zuena eta gustura eramango gintuena bertara. Dohainik gainera! Egun borobila.
12. eguna: Bubi River (Deskantsua)
Goizean Mavingora joateko gizonaren zain geundela mezu bat jaso genuen ezusteko bat zela eta hurrengo egunera atzeratuko zuela bidaia esanez. Gustura asko jaso genuen mezua. Hostatu lasai batean ginen eta deskantsu pixka bat ez zitzaigun gaizki etorri!
13. eguna: Bubi River – Masvingo (210km, kotxez)
Hiru ordu beranduago baina azkenena iritsi zen gizona pick up autoarekin. Jakinarazi zigun karga pixka bat eraman behar zuela. Hala ere, hitzez nahastu zela edo ondo ulertu ez geniola uste genuen… Goraino kargatua iritsi zen!
Itxuraz ezinezkoa zirudien baina sokekin hamaika korapilo egin ostean dena ondo loturik utzi genuen. Konfiantza handiegirik ez zuen ematen egia esan…
Gizona bikodekidearekin etorri zen, eta beraz, gidariaren kabinan toki bakarra zegoen. Jonek kargamentu artean zegoen txoko txiki batean egin beharko zituen 200 km-ak! Teorian arriskua saihesteko hartu genuen autoa, baina azkenean bizikletaz bidaiatzea baino arriskutsuagoa izan zen!
Bidaiaren erdian gidaria erabat larritu zen, polizia kontrol batera gerturatzen ari ginelako. Keinuka hasi zen Joni zerbait esan nahian. Pentsatu genuen egoera horretan bidaiatzeagatik izan zitekeen isunagatik jarri zela horrela. Baina ez, hori gutxienekoa zen. Musukoa jartzeko eskatzen ari zitzaidan!
Erdi mareaturik, baina bi ordu pasa ostean gu eta bizikletak osorik iritsi ginen Masvingora.
14. eguna: Masvingo (Euskadi Coopera GKE bisita)
Egun osoa Euskadi Coopera GKEak parte hartzen duen lau proiektu bisitatzen pasa genuen. Masvingoko udaleko bi arduradunek eta proiektuen kolaboratzaile diren hiru emakumek erakutsi ziguten guztia.
Hiriko auzo pobreenetako errealitate gordina ikusteko aukera izan genuen. Ura lortzeko dituzten zailtasunak eta komunen egoera prekarioarekin loturiko arazoak dira nagusiki.
Ikusitakoak asko lagundu zigun zein egoeratan dauden ulertzen. Hala ere, ezin dugu imajinatu ere egin egoera horretan eguneroko bizitza zer den.
Bertako biztanleekin egoteko aukera ere izan genuen eta oso pozik daude proiektuek ekarritako hobekuntzekin. Lanean jarraitzeko motibazio handia dutela nabaritu genuen. Gehien behar duen jendearen aurpegietan irrifarra eta esker ona izan dira nagusi.
15. eguna: Masvingo (Deskantsua)
Gaurko egunak lasaia izan behar zuen. Bloga aurreratzea eta erosketa batzuk egitea besterik ez zen tokatzen. Baina gure barrenean bagenekien zerbait gertatuko zela…
Erosketak egitera gindoazela dena normal zen, lasai. Bapatean gu ginen tokitik 20 bat metrora tornado moduko bat sortzen ari zela sumatu genuen. Segituan sakelekoa atera eta grabatzen jarri ginen. Indar dexente hartu zuen azkenerako eta gure ondotik pasatzean ondoko seinale bat bota.
Dibertigarria izan da oso momentua. Bertakoek komentatu digute nahiko ohikoa izaten dela fenomeno hori eta inguruko inor ez da harritu gertaturikoaz. Guk emozioz bizi izan dugu momentutxoa, eta horrek balio digu!
16. eguna: Masvingo – Great Zimbabwe – Masvingo (60km, +338m)
Masvingotik 30 km-ra gizartearen hondarea den Great Zimbabwe aurkitzen zela askotan entzun dugu, eta bixitatu beharreko lekutzat zuten denek. Turista tradizionalaren papera hartu dugu.
Egun oso atsegina, teorian. Lo ondo eginda jeiki, lasai gosaldu, bizikletaz hara joan, bisita eguerdian egin, bazkaldu eta buelta. Ekuazion ez genuen beroa sartu ordea…
Oinez dexente ibili beharreko bixita zen, muino txiki bat igotzea ibilbidearen parte izanik. 40 gradu eta eguzkipean egitea ez da aukerarik onena izan. Normala gu bakarrik izatea bertan!