Basqueland Brewing garagardogileen erregina izendatu dute beste behin

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 28a, 00:00

Poble Nouko Firako 7. Garagardo Txapelketan puntu global gehien lortu ditu laugarren aldiz, eta garagardo onena aukeratu dute.

Hernaniko Basqueland Brewing, garagardogile independente eta artisaua, 2021eko garagardogile onena izendatu berri dute Poble Nouko Firako 7. Garagardo Txapelketan. Epaimahai aditu talde batek, bi egun luzez, Penintsulako bazter guztietatik iritsitako ehunka lagin dastatu zituen itsu-itsuan, kategoria bakoitzeko onenak aurkitzeko. Euskal garagardogileak 21 domina lortu ditu aurten, estiloaren arabera hainbat kategoriatakoak, eta puntu global gehien lortu ditu; gainera, epaileek hobekien baloratutako garagardoa izan da.

Basquelad Brewingek laugarren aldiz lortu du sari hori, eta 2021, 2020, 2019 eta 2017ko edizioetan garagardo guztien erregina bihurtu da. Garagardo egileek  adierazi dutenez, «oso pozik eta harro gaude. Oso pozgarria da gure garagardoak dastatuta eta txapelketako epaimahaiak aitortuta ikustea. Zoriontzen ditugu gainerako sarituak eta, oro har, partehartzaile guztiak; eta eskerrak ematen dizkiegu artisau-garagardoaren kultura hazten jarraitzeagatik».

Sari hau aurtengo maiatzean Barcelona Beer Challenge nazioarteko lehiaketa ospetsuan lortutakoari gehitu behar zaio, 2021eko garagardogile onena izan baitzen, 32 puntuko puntuazio errekorrarekin, lehiaketaren historian lortutako haundiena. Bi sariak konpainia gipuzkoarraren lan ona berrestera datoz, instalazioak haunditzeko prozesuan baitago eta 2023rako egungo ekoizpena bikoiztu nahi baitu (600 mila litro).

 

1,5 milioi litro garagardo artisauetatik, 402 mila Basquelandek ekoitzi zituen

Gaur egun, Basquelandek bere ekoizpenaren %30 esportatzen du, bai garagardo-tradizio luzea duten herrialdeetara, bai craft sektorearen barruan ospe haundia duten herrialdeetara. Gainera, Basque Beer Elkarteak argitaratu berri duen ikerketa baten arabera, 2019an 1,5 milioi litro garagardo artisau ekoitzi ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, eta, horietatik, 402.000 Basquelandek ekoitzi zituen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!