Ikastetxeak erabat murgilduta daude jasangarritasunaren aldeko programetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 28a, 00:00

Udaleko ordezkaritza, Urumeako Lehen Hezkuntzako zenbait ikaslerekin eta irakaslerekin.

Abiatu berri den ikasturtean, Hernaniko Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiak ingurumen hezkuntzan murgildu dira.

Hasi berri den ikasturtean, Hernaniko Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiak ingurumen hezkuntzan murgildu dira. Alde batetik, duela 30 urte abian jarri zen HI! Programa-Hernani eta Ingurumena, ondoren, Eskolako Agenda 2030 eta azkenik, aurten,  bi ikastetxek Euronet 50/50 max energia aurrezteko programa burutuko dute.

Hiru programek, Nazio Batuetako Erakundeak adostutako Garapen Jasangarrirako 17 Helburuekin bat egiten dute; hau da, bide egokiak dira herri jasangarriagoaren alde egiteko. Helburu hauek sortu dira, nagusiki,  munduan pobrezia desagerrarazteko, planeta babesteko eta pertsona guztiei oparotasuna bermatzeko. Mundua aldatzeko helburuak dira, inor atzean utzi gabe.

Hernani eta Ingurumena programaren bidez, lehen hezkuntzako 4, 5 eta 6. mailetako ikasleek gaurkotasun haundiko gaiak lantzen dituzte: hondakinak, landaretza eta ura. Programa hau ikastetxeetako curriculumetan txertatuta dago eta ikasgeletan lantzen dituzten gaien osagarria da. Gainera, ondoko helburuekin zuzen zuzenean lotuta dago:

Eskolako Agenda 21 zena, Eskolako Agenda 2030 bihurtu zen iaz. Programaren jomuga da  pixkanaka-pixkanaka helburuak banaka lantzen joatea, beti ere herriko errealitatearekin bat eginez. 2020-2021 ikasturtean 15. helburua ezagutzen hasi ziren hainbat ikastaldetan: Lehorreko Ekosistema Bizia. Helburu zabala izanik, basoetan oinarritu zen lanketa.

 

Aurtengoan, beste gai bat dute eskuartean: 'Zelaiak, larreak eta landare itsutasuna'

Zelaiak, belardiak eta larreak biodibertsitatez beteriko ekosistemak izateaz gain, belarra altxor preziatua ere bada Euskal Herriko baserrientzat.  Horregatik, aurtengoan gai berria dute ikasturtean: Zelaiak, larreak eta landare itsutasuna. Beharrezkoak, guztion artean zaindu beharrekoak, baserritarrak, mendizaleak eta gainerako naturaren, eta zelaietakoak bereziki, erabiltzaileak.

Landareen itsutasunaz hitz egiten denean, oro har espezieei buruz dagoen ezjakintasuna aipatuko da. «Zuhaitz-espezie batzuk ezagutzen ditugu, baina ez dugu larre eta zelaietan bizi diren landare eta loreen izenik ezagutzen. Izan ere, oharkabean pasatzen dira. Ba al zenekien Lurraren azalera kontinentalaren laurdena inguru belardiz estalita dagoela? Belardietako landarediak eta lurzoruak karbono-hustuleku gisa erabiltzen dira, klima aldaketaren aurka borrokatzen lagunduz».

 

Urumea ikastola eta Txirrita Herri Eskolan garatuko da 'Euronet 50/50 max.' programa

Euronet 50/50 max. proiektuak eraikin publikoetan energia aurreztea sustatzen du, erabilera egokitik eta energiaren kudeaketatik abiatuta.

50/50 da erabiltzen den metodologia: alegia, pizgarri ekonomikoak sartzea lorturiko aurrezpen energetikoaren alde. Udalak (berak ordaintzen baititu fakturak) eta ekipamenduak (eskola edo beste eraikin publikoren bat) konpromiso bat sinatzen dute, non Udalak hitz ematen duen itzuli egingo duela lorturiko aurrezte ekonomikoaren %50, eta ekipamenduak, aldiz, jarduera egoki batzuk aplikatu eta proiektuaren buru jardungo duela.

Dagoeneko, gure herrian laugarren ikasturtea izango du proiektu honek eta Urumea ikastolan eta Ereñotzuko Txirrita Herri Eskolan garatuko da aurtengoan.

Proiektu hau zuzenean bi helburuekin lotuta badago ere, beste guztiekin harremanduta dago, zer gerta daiteke gure Planetan energiaren neurrigabeko kontsumoaren ondoren? Kutsadura eta klima aldaketa, lehengaien agortzea, prezio igoera eta, ondorioz pobrezia, gosea, osasun eza eta hainbat kasutan generoaren arabera areagotuta… eta dudarik gabe, ekosistemetan izango lukeen eragina ezin ahaztu.

Helburu eta programa hauek guztiak koordinatze aldera, Udalak Artelatz S.L. enpresa kontratatu du. Horren zeregina izango da herriko ikastetxeekin batera lan egitea, beti ere herri jasangarriagoaren alde.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!