«Bidea ez da erraza izan, baina esfortzuak merezi izan du, zalantzarik gabe»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 26a, 00:00

Eneko Pacheco hernaniarra, Santurtziko txapelketetan.

Santurtzin izan zen Eneko Pacheco hernaniarra, fitnesseko Txapelketa euskalnafarrean eta Federazioaren kopan. Txapeldun absolutua izan zen bi mailatan, eta prozesu guztiaren berri eman dio Kronikari. Eskerrak eman dizkie lagunei, amari, bikotekideari eta entrenatzaileei; «haiek gabe, hau guztia ez zen posible izango».

Nola erabaki zenuen kirol honetan hastea?

Futbolean lesionatu ostean, gimnasioan entrenatzen hasi nintzen 2015ean. Pixkanaka-pixkanaka, gero eta gehiago gustatu zitzaidan eta, horretan nengoela, interesgarria izango zelakoan, kulturismoko zenbait ekitaldietan egon nintzen. Bertan, kirol honetan aritzen den jendea egoten zen eta, lehiaketez gain, kulturismoaren bueltako postuak eta bestelakoak ere egoten ziren. Jardunaldi horietan, jendeak konpetiziotan parte hartzera animatu ninduen, gorputzeko lineak politak nituelako eta ondo ibiliko nintzela aurreikusten zutelako. Eta horrelaxe eman nituen lehenengo pausoak: 2015ean entrenatzen hasi eta hiru urteren ondoren, 2018an, lehenengo konpetizioa izan nuen.

 

Zeintzuk dira eman beharreko lehenengo urratsak?

Gimnasioan entrenatzen hastea da egin beharreko lehenengo gauza. Nik astean 5 edo 6 aldiz entrenatzen dut. Horrez gain, konpetitzeko asmoa badago, dieta zaintzea ezinbestekoa da.  Beti zaintzen dugu jatekoa, baina, bereziki, txapelketaren aurreko bi edo hiru hilabeteetan.

 

Entrenamendu eta dieta horretan faseak daude, ezta?

Bai, hori da. Norberaren helburuen araberakoa izaten da, baina, normalean, lehenengo puztutze fasea izaten da eta, ondoren, definitzekoa. Lehenik, pisua hartzeko eta haunditzeko, gehiago jaten da eta entrenamenduak ere gogorragoak izaten dira. Ondoren, muskulatura definitu behar da. Horretarako, kaloria gutxiago jaten ditugu eta entrenamenduak ere bestelakoak dira.

 

Zein da zure menua ohiko egun batean?

Ia denetarik jaten dut, konpetizio garaian izan ezik. Txapelketa dudanean, ABC modukoa izaten da nire dieta; hau da, beti gauza bera da. Urtean zehar ere hilabetero-hilabetero aldatu egiten dugu menua. Bestela, aspergarria izaten da-eta. Baina, bestelakoan, zerealak gosaltzeko, arroza eta oilaskoa, txahala, patata…

 

Eta entrenamenduak, nolakoak izaten dira?

Astelehenetik larunbatera entrenatzen dut, astean bi egunetako deskantsuarekin. Atalka banatzen dut entrenamendua: batzuetan, bularra eta bizepsa; beste batzuetan, bizkarra, hankak… eta horrela, gorputz osoa landu arte.

 

Garapena izan al du kirol honek?

Azken urte hauetan asko hazi da kirol honekiko afizioa, eta sare sozialek eragin haundia izan dute hazkunde horretan. Azkenaldian, gero eta partaide gehiago daude txapelketetan.

Kirol hau ez da batere lehiakorra, laguntasun haundia dago. Gehienok ezagutzen dugu elkar eta, nahiz eta entrenamenduak banakakoak izaten diren eta guztia norberaren esku dagoen, gero, elkarri laguntzen diogu.

 

Dopinaren kontua nahiko entzuna da kulturismoan, ezta?

Egia esan, bai. Aurretik egon da, orain ere badago, eta guztiok dakigu beti hor egongo dela. Hala ere, aipatu beharra dago bi alde daudela. Batetik, Federación Española de Fisicoculturismo y Fitness (IFBB). Federazio horrek antolatzen dituen txapelketetan, normalean, ez da kontrolik egoten. Bestetik, Asociación de Culturismo Natural (AFN) eta World Natural Bodybuilding Federation (WNBF). Horietan, bestean ez bezala, dopinaren aurkako kontrolak egiten dituzte.

Kulturismoa, hein batean, erakusketa bat da. Alegia, show modukoa. Ni dopinaren aurkakoa naiz, baina bakoitzak ikusiko du zer egin, ni ez naiz sartuko.

 

Zer kategoriatan konpetitzen duzu?

Maila asko daude, baina multzoak hiru direla esan daiteke: Classic Bodybuilding edo tanga janzten dutenak, mens physique edo bainujantzi luzekoak, eta classic fitness edo bainujantzi laburrekoak. Horren barruan, multzo bakoitzean, pisua eta altuera aintzat hartuta, beste hainbat maila daude. Horrez gain, 24 urtera arte lehiatu daitekeen beste maila bat dago, juniorrena.

 

Zer da txapelketetan puntuatzen dena?

Partehartzaileen estetika da kontuan hartzen dena. Batez ere, giharren intentsitatea ondo definituta egotea, gorputzaren lineak eta V forma puntuatzen dira.

Ni bainujantzi luzeko kategorian aritzen naiz; multzo horretan, sorbaldak zabalera haundia du eta gerrialdea, aldiz, estuagoa da. Hala ere, multzo guztietan gauza bera puntuatzen da. Hori bai, talde bakoitzak bere poseak ditu, lortu nahi den helburuaren arabera.

 

Txapeldun bikoitza izan zinen Santurtzin. Nola bizi duzu txapelketak prestatzeko prozesua?

Txapelketen aurreko bi edo hiru hilabeteak, batez ere, oso gogorrak izan dira. Lagunek planak egiten zituzten eta nik ezin nuen horietako askotan parte hartu. Gainera, azken asteetan nahiko nekatuta egon naiz; entrenamendu asko dira eta dieta ere gogorra da, dexente gutxiago jaten delako. Baina, zalantzarik gabe, honek guztiak merezi izan du. Santurtzin bizi izan nuena ezin dut hitzez deskribatu.

 

Entrenatzaileen laguntza izan duzu?

Bai, Aritz Adrian eta Kike egon dira nirekin. Aritzekin batera hasi nuen kirol honetan murgiltzeko prozesua, eta bera beti egon da hor. Berarekin hau guztia lortu izana sekulakoa izan da niretzat, oso pozgarria. Eta Kikerekin ere oso gustura aritu naiz, asko diot eskertzeko.

Parte hartu nuen azken txapelketa aurten Santurtzin izandakoaren berbera izan zen, 2018an: Txapelketa euskalnafarra eta Federazioaren kopa. Urte hartan, ordea, ez nintzen bigarren fasera sailkatu ere egin. Horregatik, urte hauetan entrenatzaileek egindako lana eta emandako gomendioak oso onuragarriak izan dira niretzat; salto haundia eman dut.

 

Gertukoen babesa ere izango zenuen, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Bide batez, eskerrak ematen dizkiet lagunei, nire amari eta bikotekideari, haiek gabe ez nuelako garaipen hau lortuko.

 

Maila ona zegoen. Espero al zenuen irabaztea?

Ez, inondik inora ere. Hirugarren edo laugarren postuan imajinatu nuen nire burua, baina lehenengoan ez.

 

Zer sentitu zenuen zure izena entzutean?

Inpaktu emozional ikaragarria izan zen; mila gauza pasa ziren nire burutik eta ezin nuen sinetsi ere egin. Lan haundia egin dut honaino iristeko eta momentu txarrak ere egon dira bidean. Baina, momentu horretan, txapelketa horiek irabaztearekin, ikusi nuen esfortzu guztiak merezi izan duela.

 

Nola ospatu zenuen?

Familiakoekin bazkaldu nuen eta, gero, kanpoan afaldu nuen. Otordu horietan nahi haina jan nuen, mugarik gabe!

 

Eta hurrengo egunean, atsedena?

Ez, txapelketaren hurrengo egunean entrenatu egin nuen. Baina, beno, hurrengo bi asteak nahiko lasaiak izan dira, atseden gehiagorekin, hori ere behar nuen-eta.

 

Etorkizunerako erronkarik ba al duzu?

Bai, datorren urtea nire azkena da junior kategorian. Horregatik, nire helburua da entrenatzen jarraitzea eta maila altuagotan lehiatzea. Oraingoz ez dakit ziur, baina hori da asmoa.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!