«Guk nahi duguna da betidanik egin duguna egiten jarraitu, gure egiteko modu, erritmo eta ideiekin»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 26a, 00:00

Oraingoz, hiru hernaniarrez osatutako elkartea da Bazkizopa.

Igande honetarako plan borobila antolatu du BazkiZopa elkarteak: Karobieta parkeko kioskoan, kontzertuak. Arratsaldeko 17:00etan emango zaie hasiera, eta antolatzaileek argi azaldu dute ez dela sarrerarik behar.

Aurten sortu dute hiru musikari hernaniarrek, BazkiZopa izeneko soinu eta kultura libre elkartea, kontzertuak antolatzeko asmotan. Hau kontutan izanik, igande honetan, musika jaialdia antolatu dute Karobieta parkeko kioskoan. Arratsaldeko 17:00etatik hasita hainbat talde eta bakarlarik girotuko dute igandea, hala nola, Trio do Portu, Ainhoa Larrañaga eta Zarzaparrilla taldeak. Sarrera doakoa izango da, eta herritarrak gonbidatu nahi izan dituzte. Horrez gain, gogorarazi nahi izan dute, ez dela sarrerarik behar bertaratzeko.

BazkiZopa, 2021garren urtean sortu zen, musikari lagunak batu ziren, eta oraingoz hiru hernaniarrek osatutako elkartea da.  Hasiera batean, kontzertu soilak  antolatzeko sortu zen BazkiZopa, baina taldekideek erabaki zuten, modu jasangarri batean oinarritutako elkartea izango zela: «kontzertu soilak antolatzeaz gain, modu jasangarri batean bizi nahi genuen hau egiteko prozesua eta honela topatu genuen modua».

Hiru hernaniarrez  osatutako elkarteak jakinarazi du, amankomunean musika dutela: «hasieratik hiru kide gabiltza bai, hirurok hernaniarrak, eta amankomunean ditugun gauza askoren artean, musika da esanguratsuena. Hiruok gabiltza hainbat proiektutan lanean, eta agian gure parte hartzeko eta sortzeko grina horrek elkartu gaitu, nork jakin».

Aipatu dute, BazkiZopa sortu zutela, herrian eta inguruan  «hutsune haundi bat» ikusi zutelako; «batik bat, hutsunea  ikusten genuen soinuarekin lotura duten ekimen kulturalak antolatzeko erreferenteetan. Pentsatzen hasi ginenean, ohartu ginen ez genuela gure jarduna zertan kontzertuetara soilik mugatu, baizik eta musika grabazioak, podcastak, bideoklipak, antzerkiak eta bestelakoak ere egin genitzakeela». Eta egun, horretan jarduten dute, soinu eta kultura librean, buru-belarri.

Taldekideek diote, badaudela etekin asmoa duten soinu-teknikari eta ekoizpen enpresak; «baina pertsonengandik eraikitako egitura legalen falta sumatzen genuen». Eta BazkiZopakoak nahi dute betidanik egin dutena egiten jarraitu; «gure egiteko modu, erritmo, eta ideiekin, babesgune legal txiki bat edukita alboan, horretan laguntzeko. Batzuk besteek baino gehiago, gogoan edukiko dituzte Esan Ozenki bezalako behetik eraikitako antolakunde arrakastatsuak; gu ideia beretsutik abiatu gara».

«Harrigarria iruditzen zaigu inoiz toki hori erabili ez izana»

BazkiZopa soinu eta kultura libre elkarteak beraz, esan daiteke, bi helburu nagusi dituela: alde batetik, musikariek eta soinu-teknikariek ekitaldi eta proiektu sortzaileak antolatzeko duten beharra asetzea, egitura legalez baliatuz; eta bestetik, kultura librearen mugimenduaren printzipioak bultzatzea elkarteari dagozkion esparruetan, hala nola, «musika ekitaldietan eta musika beraren distribuzioan».

«Hernanin beti antolatu izan dira hainbat jaialdi musikaren inguruan, baina azken aldian geroz eta urriagoak izaten ari dira»

Igande honetan Karobietan antolatu diren kontzertuak, BazkiZopa elkartearen lehen hitzordu publikoa izango da, eta kultura erdigunean jarriko dute; «Urbieta kalean dagoen kioskoan antolatu ditugu kontzertuak, «Kupula» eta «Bola» gisa ere ezagutzen den horretan. Trio do Portuk, Ainhoa Larrañagak eta Zarzaparrilla taldeek joko dute, arratsaldeko 17:00tan hasita. Gure asmoa da edonork ongi pasatuko duen jaialdia izatea, adina edo gustu musikalak kontuan hartu gabe. Herria kulturalki biziberritzea da gure nahia, eta horretarako, zer hobeto urtetan erabili ez den espazio bat erabiltzea musika partekatzeko baino?

Asteburuko kontzertuak Urbietako kioskoan egiteak BazkiZopa elkartearentzat badu zeresana, izan ere, diote Urbieta kaleko kioskoa hasiera batean, kontzertuak egiteko asmotan sortu zela, «baina ez da inoiz horretarako erabili. Harrigarria zaigu toki hori inoiz erabili ez izana, eta hori baliatu nahi dugu. Herrian gune kultural berri bat sortu nahi dugu aire librean, gaur egun Tilosak gune sozial nagusienetako bat diren bezalaxe».

Soinu eta kultura libre elkarteko kideen asmoa da, eskuartean duten proiektuarekin aurrera jarraitzea. Hori horrela, hainbat kontzertu dituzte buruan bueltaka, eta horretan jarriko dute jomuga; «jardun publikoa horretara fokatzeko asmoa daukagu hasiera batean».  Hortik aurrera zer egingo duten? Oraindik ezin jakin, baina gogoz daude herriko gazteak; «auskalo zenbat musika album grabatuko ditugun, zenbat podcast sortu eta zenbat bideoklip argitaratu. Gauzak mantso eta bere erritmoan egitearen aldekoak gara, etorkizunean gehiegi murgildu gabe».

Musikagintza eta kultura

BazkiZopak musikagintza eta kulturaren inguruan ere jardun dute, eta azpimarratu dute, Hernanin beti antolatu izan direla kultur ekintzak, «baina azken aldian geroz eta gutxiago.  Esan beharra dugu, gure ustez, badirela hilabete batzuk kulturaren gainbehera behin eta berriz aipatzen dela, izan zuzeneko emanaldiak antolatzeko zailtasunagatik, edo kontsumitzen den musika beragatik. Hernanin beti antolatu izan dira hainbat jaialdi musikaren inguruan, baina azken aldian geroz eta urriagoak izaten ari dira. Igandetako erromeriak, Sagarrondotik jaialdia, Hip-Hop eguna, eta beste hainbat ekimen ez dira egiten jada. Zuzeneko musikak dituen plaza edo erakusleihoak kulturetxe edo txosna-guneetara mugatu direla dirudi, eta herriko espazio desberdinetara musika ekartzeak alaitasuna emango lioke bai herriari, baita kulturgintzari ere».

Elkarteko kidek, herritarrei gonbita luzatu diete taldean parte hartzeko, izan ere, BazkiZopa elkartea sortu zenean hainbat estatutu finkatu zituzten, «eta hauekin bat datorren edonor taldean ongietorria izango da» azaldu dute.

 

Hortaz gain, elkarteko kide gisa ez bada ere, BazkiZopako kideek azaldu dute beti izango direla ongi etorriak kanpotik etorritako iritziak; «elkarlanak burutzeko erabat prest eta gogoz gabiltza». Horretarako, helbide elektroniko honetara idazteko aukera eskaini dute: bazkizopa@anartist.org.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!