Bikain aritu zen Ekain Tolaretxipi, Euskal Herriko Eskolarteko finalean

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 25a, 00:00

Atzo, 11 bertsolari aritu ziren bertsotan eta azken fasera sailkatu zen hernaniarra, beste sei bertsolarirekin. Haira Aizpurua izan zen garaile.

Abadiñoko probalekuan hartu zuen lur atzo, 2021eko Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketaren finalak. 11 bertsolari aritu ziren bertsotan, eta bertan izan zen Ekain Tolaretxipi hernaniarra.

Hasierako agurra eginda, hura ere puntuagarria, bina bertso bota zituzten bertsolari gazteek. Ariketa horietan puntu gehien jaso zituzten sei parte-hartzaileak igaro ziren hurrengo fasera, eta horien artean sailkatu zen Tolaretxipi. Bakarka egin zituzten sei bertsolariek bigarren faseko ariketak: puntua emanda lehena, eta gaiarekin bigarrena. Horren ostean, epaileen erabakiaren berri emateko igo zen Idoia Anzorandia oholtzara, eta Haira Aizpuruak eskuratu zuen 2021eko Euskal Herriko Eskolartekoaren txapela. Bigarren postua, berriz, Maddi Agirrerentzat izan zen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!