Bertso Derbia igande honetan, Biterin, Athleticen eta Realaren partiduaren aurretik

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 25a, 00:00
Gizonezkoen ligako derbiaren aurreko bertso saioa, San Mamesen.

Aurtengoa, 17garren edizioa da eta gonbidapenak eskuragai daude Biterin edo 'bertsosarrerak.eus' atarian. Bertsotan izango dira Jone Uria, Onintza Enbeita, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Igor Elortza. 

Real Sociedad Fundazioak Bertso Derbiaren hamazazpigarren edizioa antolatu du Athletic Fundazioaren, Hernaniko Udalaren eta Usandizaga Institutuaren laguntzarekin. Partidu egunean izango da bertso saioa, eguerdiko 12:00etan, Biterin. Gonbidapenak eskuragai daude Biteriko leihatilan edo, bestela, www.bertsosarrerak.eus atarian.

Anoetan jokatuko dute Realak eta Athleticek gizonezkoen ligako norgehiagoka, igandean. Aurretik, ordea, beste hitzordu bat izango dute futbolzaleek eta bertsozaleek: hain justu, bertso saioa izango da Biterin. Elkarri hitza pasaz, kantuan izango dira sei bertsolari: Jone Uria, Onintza Enbeita, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Igor Elortza.

 

Kirola eta kultura batzeko asmotan, bertso saioa

Antolatzaileek azaldu dutenez, «kirola eta kultura uztartzeko ahalegina egin nahi da». Horregatik, Real Sociedad eta Athletic fundazioek futbol zaletasunaren alde egindako ahalegina da igandeko Bertso Derbia, «taldeen arteko lehiatik harago kirolak eta kulturak batu egiten gaituztela sinetsita».

Horrez gain, Real Sociedad eta Athletic fundazioek euskeraren normalizazioan egiten duten ahaleginean kokatzen da Bertso Derbia; «gure hizkuntza eta gure kulturarekiko konpromisoan sakontzeko balio du honek».

Erritmoan lemapean landu dute Usandizaga Institutuko ikasleek Bertso Derbia iragartzen duen kartela. Erritmoan oinarritzen dira biak: baloia darabilte jokalariek; bertsolariek, berriz, hitza dute instrumentu. Hain zuzen, lotura estua duela ikusi da; izan ere, jokaldia gisa sortzen dira esaldiak eta bertsoak. Bertsoa, futbolaren antzera, jarduera kooperatiboa da, bertsolariek elkarlanean egiten dutelako.

Amaia Agirre bertsolariak aurkeztuko du saioa. «Elkarri hitza pasaz, saioan zehar antzemango dugu zein den bakoitzaren bihotzeko taldea edo futbolzaleak diren edo ez». Bestelakoan, ohiko saioa izango da, futbola gai hartuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!