'Biziz' proiektuaren gaineko bizipenak irakurgai, webgunean

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 24a, 00:00

Pello Alberdi hernaniarrak eta Jon Rodriguezek astero kontatzen dituzte BERRIAn beraien bizipenak; eta, Kronikan ere, aurrerantzean, horiek irakurtzeko aukera izango da.

Irailaren 15ean hartu zuten Pello Alberdi hernaniarrak eta Jon Rodriguez ordiziarrak Afrikarako bidea. Biziz proiektua sortu dute, eta, gutxi gorabehera, 4 hilabete pasako dituzte bertako GKEetan. Ondoren, Asiara joango dira, 7 bat hilabetez ibilbidearen bigarren zatia osatzera. Hori guztia lau haizetara zabaltzeko, BERRIA egunkarian, astero kontatuko dituzte beraien esperientziak eta bizipenak, Biziz izeneko blogean. Kronikan ere izango da horiek irakurtzeko aukera, horretarako sortutako txoko batean, kronika.eus webgunean.

Artikulu mordoa idatzi dituzte dagoeneko, eta irakurgai daude guztiak aipatutako atalean. Horrekin batera, kontakizunez gain, bidaiko argazkiak ere txertatu dituzte, eta orain arteko pasadizoak ere islatu dituzte testuetan.

Afrikan daude orain, eta kilometro mordoa egin dute. Azkeneko artikuluan, lehenengo 9 egunetako etapen berri eman dute. Diote, «beste bizi estilo» batekin egin dutela topo. Azken berriei erreparatuta, datozen etapatan arin-arin ibili beharko dutela jakinarazi dute: «hiru hilabeterako baimena genuela uste genuen, baina, azkenean, hilabete bakarrerako eman digute. Zimbabwen bi GKE bisitatuko ditugula ikusita, pedalkadak arin xamar eman beharko ditugu garaiz irteteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!