1-9 egunak: Bizitza estilo berri bat ezagutzen

BERRIA 2021ko urr. 23a, 12:27

Bidaiaren inguruan asko hitz egin dugu azken hilabeteetan. Zer eraman, gauzak nola egin… Baina teoria praktikan jartzeko ordua iritsi da. Lehen bederatzi egun hauek bizitza estilo berri hau ezagutzeko balio izan digute. Espero bezala, anekdota eta gertaera ugari bizi izan ditugu ibilbide honetan. Esperiantzia bila etorri gara eta dirudienez soberan izango ditugu.

 

1. eguna: Middelburg – Groblesdal (71km, +371m)

Horrenbeste itxarondako lehen eguna mendiko pista batez egitea erabaki genuen. Bizikletak estreinatzeko genituen eta guztia askotan errepasatuta genuen. Teorian ezerk ezin zuen gaizki atera. 30. Kilometroan, aurretik aipaturiko bibrazioek eraginda Jonen bizikletako parrilako torloju batek alde egin zuen. Arraroa egin zitzaigun hura, izan ere, ustez torloju guztiak ondo lotuta utzi genituen aurreko egunean. Horrelako egoeretarako erosiak genituen ordezko torloju bat jarri genion eta aurrera. 

Handik 10 kilometrora Jonen parrila berriz dantzan… Torloju bera faltan gainera! Honek larritu egin gintuen. Bizikletaren koadroko zulo hariztatua hondatuta egotea izan zitekeen arrazoi logikoena eta lehen eguna izateko arazo potoloa zen.

Momentuko soluzio moduan torlojuaren beste aldean azkoin bat jarri genuen. Ez genuen konfiantza handirik, baina zorionez arazoa ez da errepikatu.

2. eguna: Groblesdal – Marblehall (48km, +100m)

Herrixka batean erdi galduta genbiltzala urrunean ekaitz hodeiak ikusi genituen. Bertako bati ekaitza noiz hasiko zen galdetu eta hiru orduko marjina genuela esan zigun, lasai egoteko. Hitz egiten bukatu orduko, bizkarrean lehen tantak sumatu genituen. 2 minuturen bueltan sekulako zaparrada. Hostatu baten bila hari ginela pick up kotxe bat gure ondoan geratu zen eta igotzeko esan. Inguru arriskutsu batean geundela eta berak hostatu seguru batera eramango gintuela azalduz. Hasieran ez genuen batere garbi zer egin baina zaparradaren intentsitatea handituz zihoala ikusita, bitan pentsatu gabe kotxera igo ginen. Zorionez proposaturikoa egia zen eta gaua leku atsegin batean igaro genuen.

3. eguna: Marblehall – Mokopane (74km, +251m)

Ezusteko handirik gabeko lehen etapa. Eguneko kilometro guztiak zuzengune berean igarotakoa. Egun haizetsua tokatu zen eta norabide posible guztien artean aurkakoa izan behar! Erreza izan beharko lukeen etapa, monotono eta gogorra bilakatu zen.

4. eguna: Mokopane – Polokwane (79km, +691m)

Bidaian ikasiko ditugun lezioetako bat ikasi genuen: ibilbidean zehar gutxi baino maiz jatea. Izan ere, hiru ordu inguru gorputzean ezer sartu gabe eman genituen, helmugara lehenago iristeko asmoz. Horrek neke fisiko eta batez ere mentala sortu zigun. 

5. eguna: Polokwane – Dendron (70km, +150m)

Ohi den moduan mugikorrean dugun mapan azaltzen den bidea jarraitzen ari ginen. Hasieran mendi bide zabala zen eta aurrera egin ahala estutuz joan zen. Konturatzerako ez zegoen biderik! Maparen arabera ondo gindoazen, baina arantzaz josiriko eremu bat zeharkatu behar genuen. Intsektuen antzera, itxuraz gureen antzekoak, baina tamainaz dezente handiagoak dira hemengo arantzak. Emaitza, Jonen atzeko gurpilean eta Pelloren Akiles tendoian zulatuak. Lehena momentuan konpondu genuen eta bigarrena egun amaieran Jonek burutu zuen operazio txiki batean. Egun bakarrean mekaniko eta mediku rola hartu behar!

6. eguna: Dendron (Deskantsua)

Aurreko gaua baserritar baten etxean igaro genuen. Bertan aterpea eskaintzeaz gain nazkatu arte jateko eta edateko aukera eman zigun. Beste gau bat bertan igarotzea proposatu zigunean nola esango genion ba ezetz? Deskantsu fisikoa hartzeko erabili genuen egun hori eta blogerako genituen etxeko lanak aurreratzeko ere ondo etorri zitzaigun.

7. eguna: Dendron – Alldays (83km, +145m)

Baserritar guztiek zuten zer kontatua. Gerrako pasarteren bat, barazkien ekoizpen lanak… Baina honena iruditu zitzaigun kuriosoena.  Gizona txikitatik ehizan ibilitakoa omen zen. Gainera, beste gauza askoren artean, elefanteak ehizatzea gustatzen zaion Espainiako pertsona famatu baten ehiza lagun izandakoa zela esan zigun. Segituan pertsona bat etorri zitzaigun burura eta ez genuen hutsik egin. 

8. eguna: Alldays – Musina (140km, +360m)

Mapungubwe izeneko parke naturala gurutzatu beharra zegoen egun honetan. 140km-tan ez zegoen beste herririk. Parke naturalean sartzen ari ginela animalia basatien presentziaren arriskuaz ohartarazten zuten seinaleak ikusi genituen. Besteak beste, elefanteak eta lehoiak. Bidean aurrera gindoazela, lurrean izugarrizko mokordoa ikusi genuen. Elefanteena izan behar zen derrigorrez. Ingurura begiratu eta parkea eta errepidea banatzen dituen hesia zapalduta zegoela ikustean adrenalina moduko bat nabaritu genuen barnean. Zentzumen guztiak piztu eta inoiz baino arreta gehiagorekin egin genuen tarte hori.  Esan beharra dugu errepide bazterrean ahuntzak zeudela. Horrek lasaitasun puntu bat eman zigun. Lehoiek bazuten zer jan. Zorionez edo zoritxarrez ez genuen piztia arriskutsurik ikusi.

9. eguna: Musina – Beitbridge (128km, +120m)

Bidaiko lehen muga pasatzeko eguna zen. Hegoafrika eta Zimbabweren artekoa. Covid gaitza dela eta faktore asko sartzen ziren jokoan. Urduritasun puntu batekin ginen, hauetako bat gaizki aterako balitz buelta erdia eman eta Hegoafrikan geratu beharko genuelako. Hauek dira faktoreak:

            •          PCR-a behar zen pasa ahal izateko.

            •          Bisa Dolar amerikarrekin ordaindu behar zen.

            •          Turismorako itxita zegoen muga.

            •          Espero gabekoak.

Lehen hiruetako bat bera ere ez genuen betetzen eta azkenekoa ez zegoen gure esku. PCR-aren ordez test azkarra egin genuen (Emaitza lehenago lortzeko), Igandea zela eta ezin genituen dolar amerikarrak lortu (Euroak genituen) eta teorian turismoa egiten ari gara.

Zimbabwera sartzeko gogo handia genuenez, arriskatzea erabaki genuen. Guk pasatzea lortu genuen baina mugan ezagututako Hegoafrikako talde batek buelta egin behar izan zuen turismoa zelako beraien bisitaren arrazoia. Gure bidaia trantsitutzat hartu zuten eta ondorioz pasatzen utzi. Eskerrak…

Hiru hilabeterako baimena genuela uste genuen baina azkenean hilabete bakarra eman digute. Zimbabwen bi GKE bisitatuko ditugula ikusita, pedalkadak arin samar eman beharko ditugu garaiz irteteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!