Gozatzeko moduko bakailu pintxoak, beste urte batez

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 23a, 00:00

Txoko tabernako kideak, pintxo lehiaketaren aurreneko saria jasotzen.

Arrakasta haundia izan du Bakailu Asteko pintxo lehiaketak, aurten ere; eta jende asko gerturatu da tabernetara, bakailu pintxo goxoak dastatzera, bi astez. Guztien artean, hiru izan dituzte gustukoen: Txokoren pintxoa izan da txapeldun, Txilikoak jaso du bigarren saria, eta Antziola tabernakoak hirugarrena. Oso pozik eta eskertuta azaldu dira, hiru tabernetakoak.

TXOKO Kafe-Bar

Andre Kale 68, Hernani

943 50 62 23

Milagros eta Ibai, Txokon, aurtengo lehiaketako pintxo irabazlearekin.
 

Bigarrenez irabazi du Bakailu Asteko pintxo lehiaketa, Txoko tabernak. Eta eskerrak eman nahi izan dizkiete «gurekin gogoratu direnei, eta pintxoa probatzera etorri direnei». Ez zuten irabazterik espero, aurten ez dutelako «elaborazio konplexuegirik» prestatu nahi izan, egungo egoeragatik; baina konkistatu egin dute jendea, opiltxoaren krujientearekin, mimoz landutako bakailuarekin eta saltsekin egindako kontrastearekin. Pintxoa «jateko erraza» izatea nahi zuten, zutik jateko modukoa, eta jendeak eskertu du hori: «opiltxo bat da, barrutik hustu eta labean sartu duguna. Ondoren, bete dugu bakailuarekin, piper gorriarekin eta berdearekin, eta tipularekin. Eta gainetik, zaporearekin eta dekorazioarekin jolastuz, jarri diogu piper gorri saltsa, piper berde saltsa, txipiroi saltsa eta brote batzuk».


Jende asko gerturatu da pintxoa probatzera: «ez da iritsi pandemiaren aurreko garaietara, baina erantzuna oso ona izan da, uste baino hobea». Eta horretan lagundu dute «neurriak arindu izanak eta eguraldi onak». Pilaketak saihesteko, ordutegi zabala jarri zuen Txokok, pintxoa dastatzeko; eta nahi duenak, aukera dauka oraindik: «hemen edukiko dugu, jendeak eskatzen duen bitartean». 

 

Txili taberna

Zapa Kalea 2, Hernani

943 55 10 06

 

Josune, Txili tabernako barraren bestaldean, pintxoak aurrean dituela. 
 
 

Hiru txapela dauzka Txili tabernak, Bakailu Asteko pintxo lehiaketan; baina oraingoan lortu duten bigarren postuarekin «oso oso pozik» daude. Arriskatu egin dute, edizio honetan: «bakailu takoa egin izan dugu orain arte, eta aurten bakailu ahumatuarekin egin dugu saiakera. Eta jendeari gustatu zaio».
Tostatutako ogi zati batean jarri zuten bakailu ahumatua, azalore pure moduko baten gainean, sifoitik pasatakoa. Eta bakailuaren gainean, harri koxkorrak bezala egindako baratxuria, pistatxoak, onddo zati bat konfitatuta, bakailuaren azala frijituta, eta Ezpeletako piper-hautsa.


«Purea sifoitik pasata, geratzen da haundituta, eta jateko momentuan askoz ere xuabeagoa da», kontatu du Josunek. Baina pintxoaren atzean, «sekulako lana» dagoela onartu du: «proba asko eginda lortu nuen pintxo hori, eta sifoiarena galdetu egin behar izan nuen, ez nekielako erabiltzen. Beldur pixka bat neukan, baina nahiko ondo moldatu naiz». Kontatu du, gainera, «bi ordutan 300 edo 400 pintxo» ateratzen aritu direla, «aurreko urteetan baino gehiago»; eta horretarako, egun osoa eman behar izan dutela prestatzen. Edonola ere, merezi izan du egindako lanak. 

 

Antziola Taberna

Antziola Auzoa 1, Hernani

943 55 54 99 

 

Janet eta Estitxu, Antziola tabernako barran, pintxo sorta zabala ondoan dutela.

 

Hirugarrenez hartu dute parte Antziola tabernako Estitxuk eta Janetek, Bakailu Asteko Pintxo Lehiaketan. Eta halakorik espero izan gabe, hirugarren postua lortu dute: «guretzako, garaipen bat bezala izan da. Oso pozik eta harro gaude», diote. Nabarmendu dute, gainera, lehiaketarekin «jende asko» gerturatu dela tabernara: «eskerrak eman nahi dizkiegu, pintxoa dastatzera etorri diren guztiei, eta botoa eman digutenei».
Lehiaketarako, asko landutako pintxoa prestatu zuten: ogi erromatar tostatua, pikillo piper krema batekin, eta txanpinoi, tomate lehor eta tipula sofrito batekin; eta gainean bakailua konfitatuta, eta tipula karamelizatua. «Sekretua txanpinoiak eta bakailua izan dira, oso ondo geratu da konbinazioa. Eta tomate lehorrak ere zapore goxoa ematen dio», azaldu dute.


Pintxo berri bat prestatzea, ez da ezohikoa izan haientzat. Hainbat pintxo izaten dituzte tabernan, eta aldatu egiten dituzte. «Pintxo izarra etxekoa da, Antziola pintxoa; asko saltzen dugu. Bi xolomo rebozatu dira, piperra, gazta eta bexamelarekin beteta, eta ti­pula karamelizatuarekin, ogi tartean». Baina beste asko dira, tabernan arrakasta dutenak: pa­tata tortilla, Soriako torreznoak, txorizo egosia, gazta tarta... 

 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!