Hernanik Getxo indartsuaren aurka jokatuko du gaur

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 23a, 00:00

Beñat Arizeta Bera Beraren aurkako partiduan.

Faduran izango da partidua 17:30etan, Ohorezko B Mailan, eta zaleentzako autobusa 15:30etan irtengo da. Bizkaitarrak aurkari zuzenak dira eta garaipena garrantzitsua da.

Hernani errugbi taldeak gaur faduran jokatuko du, 17:30etatik aurrera, Ohorezko B Mailako, bigarren jardunaldia. Aurkaria Getxo ahaltsua izango da eta puntu garrantzitsuak egongo dira jokoan.


Hernanik eta Getxok erraz irabazi zituzten euren partiduak lehenengo jardunaldian eta igoerarako borrokan bi hautagai nagusienetakoak dira. Hernanik 2020an galdu zuen Ohorezko Maila eta Getxok urte horretan bertan berreskuratu eta gero pasa den denboraldian, aurtengo urtean, galdu du maila nagusia. Beraz, bi talde indartsuren arteko lehia ikusiko da Faduran.


Hernanik itxura ezin hobea eman zuen Bera Beraren aurka lehenengo partiduan eta gainera, Getxo eta Hernaniren arteko aurrekari bat badago orain hiru aste. Aurredenboraldiko norgehiagoka jokatu zuten bi taldeek, hura ere Faduran, eta hernaniarrek 17-26 irabazi zuten.  
Partidua probak egiteko erabili zuten bi entrenatzaileek, baina gauza interesgarriak ikusi ziren. Zaila da partidu antzekoa ikustea, baina parekotasuna haundia da bi taldeen artean eta errugbi norgehiagoka ederra espero da.


Gogoratu behar da, lehenengo faseko lehenengo itzulian sailkapeneko lehenengo hiru taldeak elkartuko direla beste bi multzoetako sei talderekin batera. Horrela, bederatzi talde horietik zerotik hasiko dute bigarren itzuli bat eta lehenengo lau sailkatuek igoera faseko playoffa jokatuko dute.


Bigarren itzulia talde guztiek zerotik hasiko dutenez gaurko partiduaren garrantzia ez da hain erabakiorra, baina bai garrantzitsua hiru lehenengoetan geratzeko eta bi taldeen indarrak neurtzeko  aurrera begira. Horrek mentalki ere bere eragina izan dezake.


Bestetik, Euskal Txapelketako neskek Iruñean jokatuko dute gaur, 15:30etan La Únicaren aurka. Aurreboraldian ere elkarren aurka aritu ziren Landaren eta partidu lehiatu batean hernaniarrek irabazi zuten. Beraz, ez da partidu erraza izango hernaniarrentzat. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!