Udal egutegia osatzeko, aurrerantzean ez da argazki-lehiaketa egingo; ilustrazioak izango dira nagusi

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 21a, 00:00

Asteazkenak Estudioak sortutako artelana izango da 2022ko egutegiko protagonista, eta bakarra izango da urte osorako ilustrazioa.

2017an ekin zion Udalak argazki lehiaketa bidez urteko egutegia osatzeari. Aurretik ez zen largazki lehiaketa bidez egiten egutegia. Gai bat proposatzen zien herritarrei eta puntuaziorik haundiena lortzen zuten 13 argazkik osatzen zuten egutegia. Joan den urtean, esaterako, gaia Hernani mugimenduan izan zen, eta horren gaineko proposamenak bidali zituzten hernaniarrek. Argazki mordoa aurkeztu zituzten, eta hautatutako 13 irudiak, egutegian jartzeaz gain, ikusgai egon ziren Biterin, azaro eta abendua artean. Proposamenak denetarikoak izan ziren: haurrak, gazteak, edota helduak, eta baita animaliak ere, herriko hamaika txokotan, mugimenduan.

Aurten, ordea, argazki-lehiaketaren zikloa itxiko da. Aurrerantzean, ilustrazioak hartuko du argazkigintzaren lekukoa. Gainera, egutegiaren formatua ere ezberdina izango da. Orain arte, hilabete bakoitzean argazki bat egoten zen; hemendik aurrera, ordea, ilustrazio bakarra izango da urte osoko irudia. Era berean, berria ematearekin batera, Udalak eskertu du argazki-lehiaketak antolatu diren azken bost urte hauetan «herritarrek emandako erantzuna».

Esanak esan, Asteazkenak Estudioak abiatuko du zikloa. Maddi Zumalabe ilustratzaile hernaniarrak eta Jon Arangurenek osatzen dute proiektua. Hain justu, beraiek egingo dute 2022ko egutegiaren azala. Bestalde, Udalaren esanetan, asmoa da «datozen urteotan herriko beste ilustratzaile batzuei ere aukera hau ematea». Hori horrela, aurrerantzeko egutegietan artista hernaniarren lanak ikusi ahal izango direla ondorioztatu da.

 

Abenduan banatuko dute datorren urteko egutegia

Aurreko urteetan egin den bezala, abenduaren hasieran banatuko da 2022ko egutegia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!