0. etapa: Egokitzapen egunak Middelburgen

BERRIA 2021ko urr. 20a, 15:48

Ez genuen sekula imajinatuko blogeko lehen etaparen artikulua pedalkada bat bera ere eman gabekoa izango zela. Baina, espero duguna askotan gertatzen ez denez, gaurkoan artikulu berezi batekin gatoz.

Irailak 14 goiza, 36h bidaia hasteko: Dena prest genuen. Material guztiaren zerrenda osatuta eta makina bat aldiz errepasatuta. Bidaia guztietan ahazten den eta normalean esentziala izaten den horren atzetik genbiltzan. Aurreko egunetan buruari buelta asko eman ondoren, dena kontrolpean. Ustez.

Irailak 14 arratsaldea, 30h bidaia hasteko: Bizikletak hegazkinean garraiatzeko kaxa berezi batzuk genituen. Bizikletak desmuntatu eta tetrisean egiten den antzera, kaxa horietan sartzea zen arratsalderako prestatua genuen jolasa.

Hegaldia erosterako orduan, kaxek zein tamaina eta pisu izan behar zuten begiratu genuen, baina pisu aldetik arazorik izango ez zela ikusita, kezka hau burutik kendu genuen.

Tetrisean genbiltzala, badaezpada karga mugatzailea zein zen berriro begiratzea otu zitzaigun, muga hori 23 kilogramotakoa zela berresteko. Azterketetan askotan 7×6 kalkulagailuarekin egiten den moduan.

Muga 23 kilogramotakoa zela ikusi bai, baina bazen neurriekin gaizki ulertu genuen kontzeptu bat. Alde bakoitzaren neurri maximoa 156 mm izan beharrean, alde guztien baturak 156 mm izan behar zuela konturatu ginen. Beste era batean esanda, altuera + zabalera + sakoneraren batuketaren emaitzak 156 mm izan behar zuen. 

Bizikletaren koadroaren neurrien batuketaren emaitza 220 mm-koa da ordea. Beraz, kaxa handiagoak fakturatu behar. Hegazkin konpainiako web orrian bizikletaren kaxen neurriak sartzean pantailan +1250 € jartzen zuela ikusi genuen. Izoztuta geratu ginen. Diru horrekin hiru hilabete bidaiatzen pasa genitzakela ikustean alternatiba bat aurkitu beharra zegoen.

Irailak 14 iluntzea, 24h bidaia hasteko: Denbora tarte labur batean arazo potolo samar bati buelta eman behar genion. Hiru ziren alternatiba nagusiak:

1) Bizikletak Euskal Herrian saldu eta Johannesburgoko herri batean beste batzuk erosi. 

2) Bidaia Hego Afrikatik hasi beharrean etxetik hasi. 

3) Bizikletak bidalketa enpresa baten bidez bidali. Azken hau iruditzen zitzaigun logikoena. 

Iluntzeko zazpiak ziren eta bidalketa enpresetako bezeroen arreta guneak itxita zeudenez, Interneten begiratzen hasi ginen. Sistema ez zen batere praktikoa eta denbora aurrera zihoala ikustean, estresa areagotuz joan zen. 

Begira aritu ostean 700€ inguru ateratzen zen bizikleta bakoitzaren bidalketa. Lasaiago geratu ginen, baina hala ere, Interneteko sistemaz ez ginen guztiz fio. Informazio gutxi genuen eta itxarotea beste aukerarik ez genuen. Egun gogorra zetorren.

Irailak 15 goiza, 12h bidaia hasteko: Goizeko bederatzietan Hego Afrikara sartzeko beharrezkoa den PCR froga genuen Donostian. Hau egin ostean, bidalketa enpresa baten arreta gune batera joan eta espero ez genuen aldagai bat sartu zen ekuazioan. Aduanen kontua. Europaz kanpoko bidalketak egitean batzuetan kaxak aduanan geratu eta bueltan bidaltzen dituztela komentatu zigun langileak. Bere gomendioa argia zen; ez bidaltzea. Bederatzi ordu inguru geratzen ziren eta oraindik ez genuen soluziorik.

Azken saiakera gisa beste bidalketa enpresa batean kontsulta egitea pentsatu genuen. Arazoa kontatu ostean,  aduanan geratu eta bueltan bidaltzeko probabilitatea oso txikia zela komentatu zigun langileak, eta bera gure lekuan egonez gero, bidalketa egiten saiatuko zela esan. Gainera, eskaintzen zuten prezioa, web orrietan ikusitakoa baino merkeagoa zen. 300€ bizikleta bakoitza. Alternatiba posible gehiago ez zeudela ikusita, aurrera egitea erabaki genuen. 

Irailak 15 eguerdia, 8h bidaia hasteko: Gauza guztiak kaxetan sartzea zen hurrengo lana. Hegazkinean pisu handia fakturatzeko aukera genuen baina bolumen txikia. Bidalketa enpresan berriz, pisu txikia baina bolumen handia. Beraz, osagarri pisutsu guztiak bizikletari kendu eta hegazkinean fakturatzeko erabilitako kaxetan sartu genituen. 

Arratsaldean logistika lanetan jardun ostean, eraman beharreko guztia ahalik eta modu egoki eta txukunenean bildu genuen. Lasaiago geunden baina oraindik ere alertan aduanen kontuagatik.

Bidaia arazorik gabe joan zen zorionez. Johannesburgotik 150 km-ra dagoen herri batean genuen hartuta ostatua, Middleburgen. Bizikleten zain Johanesburgon ez geratzearen arrazoiak bi ziren: Batetik, aurretik bertan egondako batek baino gehiagok Hegoafrikako hiri handiak saihestea gomendatu zigun, bertan lapurretak oso ohikoak direlako. Bestetik, ia ezinezkoa iruditzen zitzaigun bizikletarekin trafiko handiko eremuak ekidinez Johannesburgotik irtetea.

Teorian, bizikletek irailaren 23an iritsi behar bazuten ere, ezagutzen ez dugun arrazoi batengatik, jarraipena egiteko erabiltzen den web orriak irailaren 28an iritsiko zirela jakinarazi zigun. Gauzak hala, denbora apur bat gehiago genuen Hegoafrika bizikletarik gabe ezagutzeko. 

Hasieran tristatu egin ginen. Izan ere, bidaia hasteko gogo handia genuen eta gertaerak ia bi astez atzeratzen zuen lehen pedalkada. Dena den, orain konturatu gara berri txarra izan beharrean, ona izan zela. Egun hauek baliagarriak izan dira bizikletan eseri aurretik etorkizunean erabilgarriak izan daitezkeen aholkuak jasotzeko eta Hegoafrikako kultura apur bat ezagutzeko.

12 egunak azkar pasa zaizkigu Middleburgen. Ostatuko jabeak iritsi ginenetik eskuzabaltasun osoz hartu gintuen berean eta beraiekin hainbat ekintza egin ditugu ingurua ezagutzeko. Afari goxo askoak ere egin ditugu elkarrekin.

Gainera ostatua handia ez denez, bertan bizi den jendea ezagutzeko aukera izan dugu. Zortea alde, gure antzeko adina duten sei gazterekin harreman polita egin dugu. Johannesburgokoak diren arren, Middleburgeko kaleetan zuntz optikoa instalatzen egiten dute lan.

Gazte horiekin nahi baino denbora gutxiago egon gara. Izan ere, Irailaren 17tik 20ra etxera joateko aukera izan zuten. Gogotsu bueltatu ziren etxera, besteak beste beraien seme alabekin egotera. Harrituta geratu ginen. 19-27 urte arteko gazteak dira eta batek izan ezik beste denek dute gutxienez haur bat.

Ostatuan sukaldea dugunez, turismo gastronomiko moduko bat ere egin dugu denon artean. Hauek, beren etxeetako plater izarra den espinaka eta oilasko hankak, Pap izeneko pasta moduko batekin lagunduta. Guk berriz patata tortila. Buelta ematerakoan arazo txiki batzuk izan arren nahiko txukun atera zen. Zartagiaren errua, noski! 

Egun hauetan korrika apur bat egiteko ere astia izan dugu. Ez da bizikleta edo bidaiarako entrenamendu bat izan inolaz ere, baina bizikleten zain egun asko pasa ditugunez denbora pasa atsegina izan da. Gainera aukera eman digu landa eremuko paisaia ezagutzen hasteko.

Irailaren 29a; ilunabarra da Middelburgen eta atzorako ziren bi kaxak ez dira iritsi. Zimbabweko lagun baten etxean erabiltzen den esaldiak zer pentsatu eman digu: “Zuek erlojuak dauzkazue, baina guk denbora”. 

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!