GKEen eta bidaiaren nondik norakoak gureekin partekatzea zen gure nahietako bat. Gaur egun, komunikazio kanal ugari daudenez, bidaiarekin bateragarria izango zen bat aurkitu nahi genuen, hau da, baliabide asko eskatzen ez zituen bat.
Hau guztia kontuan hartuta, idatzizko formatuan blog bat sortzea interesgarria iruditu zitzaigun. Nahiz eta blog erakargarri bat garatzeak lana eskatzen zuela iruditu, baliabide gutxi genituen kasuetan boligrafo eta koaderno baten bidez zerbait aurreratzeko aukera eskaintzen zigun.
Mota honetako blogak normalean web orri pertsonalizatuetan egiten dira. Baina ez genuen denbora horretan sartzeko, beraz, jarraipena egunkari baten bidez egitea aukera paregabea zen. Gure bloga euskaraz egin nahi genuen eta BERRIA egunkaria etorri zitzaigun burura. Kontaktuan jarri eta gure ideia zein zen azaltzea nahikoa izan zen blogari bizitza emateko.
Askotan alper samarrak izaten garenez edo egunean zehar irakurtzeko tarterik hartzen ez dugunez, modu bisualago batean jarraipena egiteko aukera ere eman nahi genuen. Erabilerraza eta gure inguruko askok duten sare sozial bat izanik, Instagram kontu bat sortzea erabaki genuen. Helburua, bidaian ateratzen ditugun argazki eta bideoak bertan partekatzea da. Jarraitu nahi izanez gero, @2biziz da kontuaren izena.
Azkenik, ikasketak Mondragon Unibertsitatean burutu ditugunez eta azken urteetan horrelako ekimenekiko interesa zutela ikusita, bertako ikasleekin jarraipen txiki bat egitea proposatu genien. Hauekin ere aurrera.
Urte lasai bat pasa nahi izan eta konturatzerako saltsa askotan sartuta. Beseus! Beti berdin… Ea denetan maila ematea lortzen dugun!