Egia esan, proiektu honekin lanean jarri aurretik ezer gutxi genekien GKE (Gobernuz kanpoko erakundeen) inguruan. Futbol talderen baten kamisetan edo telebistan emititzen den, eta kasu handiegirik egiten ez genion (edo diogun) iragarkiren batean zenbait GKEren izenak ezagun egin dira gurean. Baina ezer gutxi.
Hausnarketa honekin, mundu berri eta ezezagun baten aurrean murgiltzen ari ginela konturatu ginen. Horregatik, hau dena guk baino hobeto ezagutzen duen erakunde batekin jarri ginen harremanetan. Zehazki, Voluntariados con Criterioerakundeko Elena de Julianekin.
Gure ideiaren nondik norakoa zein zen azaldu genion eta GKEen errealitatea kontuan hartuta proiektua aurrera eramateko aukerarik ikusten zuen galdetu. Baiezkoa izan zen erantzuna. Bisitatu nahi genituen herrialdeetako GKE batzuk ezagutzen zituela azaldu zigun eta haiekin harremanetan jartzeko bidea irekitzeko konpromisoa hartu zuen. Esan eta egin. Bi asteren bueltan gure ibilbidean zeuden GKEen zerrenda luze bat bidali zigun.
Gure txanda zen orduan. Haiekin guztiekin harremanetan jarri ginen, eta uste baino erakunde gehiagoren erantzuna jaso genuen. Ia denek onartu zuten proposamena!
Mezu elektroniko bidez izaten den harremana hotz samarra denez, erantzundako erakunde bakoitzarekin bideo dei bat egin genuen modu pertsonalago batean elkar ezagutzeko eta proiektuaren xehetasunak hobeto azaltzeko helburuarekin.
Egin genien proposamena sinplea zen. Beraiekin egun batzuk igaro nahi genituen, eta han ikusi eta ikasitakoa ezagutzera ematen saiatuko ginen, besteak beste BERRIAren bidez. Ez genuen espero ordea gure proiektua beraientzat ere baliagarria izan zitekeenik. Izan ere, gure proiektua beraien arteko ezagutzarako ere aberasgarria izan zitekeela komentatu ziguten. Horrela, elkar ezagutu, informazioa partekatu eta bata bestearengandik ikasteko aukera izango dute.
Jarraian azaltzen den mapan Afrikan bisitatuko ditugun GKEak azaltzen dira. Guztiek lekuan lekuko pertsonak, ohiturak eta kulturaren errespetutik abiatuta egiten dute lan.
Segidan, erakunde hauetako bakoitzak egiten duen lana lerro gutxitan:
• Euskadi Coopera: Ur edangarriaren banaketa instalazioen eraikuntza.
• Mundukide: Errenta sortzeko gaitasuna handitzea eta garapen jasangarria lortzen laguntzea, pertsonak autonomoak eta buruaskiak izateko helburuarekin.
• Inakuwa: Hezkuntza bidez baliabide gabeko eremuen garapen sozial eta ekonomikoan laguntzea.
• Tatu Proyect: Emakumeen garapena, heziketa eta inguru jasangarri baten bilaketa.
• Kutembea: Hezkuntza bidez baliabide gabeko eremuen garapen sozial eta ekonomikoan laguntzea.
• Bamba proyect: Baliabide gabeko eremuei laguntza, hezkuntza eta ekintzailetasun proiektuen bidez.
• Amref: Emakumeen eskubideen aldeko eta Hiesaren prebentzio lanak.
• Kubuka: Baliabide gabeko eremuei laguntza, hezkuntza eta ekintzailetasun proiektuen bidez.
Asian ere erakunde mordoa aurkitzen dira ibiliko garen eremuetan. Lehen bilaketa egin dugu dagoeneko baina kontaktu lanak aurreragorako utzi ditugu.