Biziz proiektua aurkeztu genuenetik galdera ugari egin dizkigute: Zergatik Afrika eta Asia? Zer eramango duzue zuekin? Nola jarri zarete kontaktuan GKE horiekin? etab. Horietako batzuei erantzuna eman nahian, bidaiaren prestaketa prozesua nola izan den azalduko dizuegu.
Bizikletaz bidaiatzea bere oinarrian gauza sinplea da, eta hori da bilatzen duguna. Baina, prestaketa prozesuak arlo ezberdin ugari lantzea eta lotzea eskatzen du.
Lehen lana ibilbide bat finkatzea izan zen. Metroz metro non ibiliko garen azaltzen duen ibilbidea baino, bisitatzea gustatuko litzaizkiguken herrialdeak zehaztea. Behin herrialdeak finkaturik, bertan aurkitzen diren eta ateak zabalduko dizkiguten GKEen bilaketa egin genuen. Horrekin batera, bidaiarako beharrezkoak eta gomendagarriak diren txertoak hartzen hasi ginen. Txerto asko izanik, guztien pilaketa ekiditeko martxoan hasiz. Aldi berean, proiektuari nortasuna emango zion izena eta logotipoari ere buelta batzuk eman genizkion. Esperientzia guztia partekatzeko komunikabide sarea osatzeak ere garrantzi handia izan zuen.
Lehen gauza izan beharko lukeena, bizikletak eta eraman beharreko material guztia eskuratzearena, azkenerako utzi genuen. Hainbeste eginkizuekin ia bizikletak ahaztuta hasi dugu bidaia!
Horrez gain, Hego Afrikara etorri aurreko azken bi asteetan proiektua ezagutzera emateko aukera izan genuen komunikabideen bitartez.
Jarraian azaltzen den irudian eskema modura ikusten da aipaturiko eginkizun guztien kronologia. 2020ko azaro inguruan hasi ginen bidaiaren prestaketarekin buru-belarri eta orduz geroztik hainbat arlo garatu behar izan ditugu.
Joango gara eginkizun bakoitzak sortu dizkigun gorabeherak kontatzen!
Horrez gain, herrialde bakoitzaren egoera, beharrezko bisa kontuak, bidaia asegurua, hegaldia eta beste hainbat lan txiki ere egin ditugu dozenaka bazkari eta kaferen laguntzaz.
Prestaketa hilabete hauek bidaiaren lehen etapa bezala gordeko ditugu. Etapa berezia. Pedalei eragin gabe, baina izerdi eta lan ugari egindakoa.