Ekain Tolaretxipi Euskal Herriko Eskolarteko finalean, igandean

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 20a, 00:00

Abadiñon izango da saioa, eta bertan izango da hernaniarra. Gonbidapenak eskuragarri daude.

Igande honetan, urriaren 24an, jokatuko da 33garren Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketaren finala, Abadiñon. Lurraldeetako eskolarteko txapelketatik sailkatutako hamaika bertsolarik parte hartuko dute, eta bertan izango da Ekain Tolaretxipi hernaniarra. Saioa 11:30etan hasiko da, herriko probalekuan. Bertaratu nahi dutenek, zabalik dute gonbidapenak hartzeko aukera; zehazki, webgune honetan eskura daitezke: www.bertsosarrerak.eus.

Finalean, herrialde bakoitzeko bi bertsolari ariko dira kantuan. Aurretik izandako finaletatik sailkatutako bertsolariak izango dira, hain justu, Abadiñoko saioan parte hartuko dutenak. Gipuzkoatik, Ekain Tolaretxipi eta Naia Arrizabalaga izango dira; Arabatik, Maddi Agirre Epelde eta Eukene de los Aires Amundarain; Bizkaitik, June Diaz Franco eta Janire Arrizabalaga Munduate; Lapurditik, Haira Aizpurua Ibargarai eta Oneka Arteaga Olasagasti; Nafarroatik, Beñat Astiz Isasi eta Eki Mateorena Zozaia; eta, Zuberoatik, Aetz Etxart Sarasola.

Bertsozale Elkarteak eta  Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatutako egitasmoa da Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketa, eta helburu du «gazteei jendaurrean bat-batean jarduteko aukera ematea, eta baita gazteak bertsozaletzea ere».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!