2011n bakailuaren lehen astea ospatu zenetik, argi dago bakailua are integratuagoa dagoela hernaniarren bizitzan. Geroztik, asko dira arrainaren eta ospakizunaren zaleak. Horren erakusgarri da kalean sortzen den giroa, gastronomo adituen mozorroz jantzitako herritarrekin batera.
Gure herrian, urteak pasa diren heinean, jarduera asko mantendu eta tradizio bihurtu dira, berri batzuk sortu eta beste batzuk, ordea, desagertu egin dira. Argi dago finko mantentzen den horietako bat dela gure bakailu pintxo lehiaketa.
Duela astebete, bakailu astean aurkeztutako 24 pintxoak baloratu eta iritzia emateko aukera sortu zitzaidan, nire kritika apalaz gain, herritarren kinieletan azaltzen ziren hautagaien balorazioa eginez. Oraingo honetan, gastronomo adituaren mozorroa janztea erabaki dut. Helburua da herritarrengandik jaso ahal izan ditudan iritziak eta balorazioak zuen guztion eskura uztea.
Ezer baino lehen, aurkeztu diren pintxoak eta tabernak buruz gora jarri aurretik, eskerrak eman behar dizkiet parte hartu duten establezimendu guztiei, jakinda ahalegin handia egin behar izan dutela ekitaldi hau aurrera eramateko. Beraiek gabe, hau ez zen posible izango…
Eta hori horrela izanda…
Nire ruta Latxunbe tabernan hasi zen. Gaur egungo jabeek hilabete gutxi daramate taberna kudeatzen, eta denbora horretan jatekoaren maila eta listoia nahiko altu jarri dute. Jakina, pintxoak orain arte emandako zerbitzuaren eta produktuaren mailan egon behar zuen. Atentzioa eman zidan pintxoa argazkian agertzen zena baino txikixeagoa izateak, baina beste taberna batzuetan ez bezala, argazkiarekin bat zetorren. Pintxoa espero nuen mailan egon zen eta irabazteko gogoa ikusten zen, ilusioz betetako lana. Herritarrak bertara joatea lortu badute, lortuko dute lehiaketako bost pintxo onenen artean egotea.
Inoiz huts egiten ez duen establezimenduetako bat da Goiz Argi. Jon Anderrek beti betetzen du beraiengandik espero duguna, eta pintxoa probatzera goazenok ez gara inoiz atsekabetuta irteten. Badirudi gaur egungo pintxoak ogia utzi eta formatu berriei bide ematen ari direla. Kasu honetan, Jon Anderrek pintxoari ikutu mexikar bat eman nahi izan zion, lotura bezala talo bat erabiliz. Denon gustukoa seguruenik… Beste top 5 bat.
Kixkalek ere bazuen gogoa. Lehenengo urtea da, jabe berri hauen eskutik parte hartu dutena, eta oso gogotsu hasi dute txapelketa. Tradizionalak izan dira pintxoan, baina askotan horrek funtzionatzen du. Ez dute arrisku handirik hartu elaborazioan, eta denek gustuko duten produktu batean jokatu dute beraien txartela: Kokotxa goxo bat, elaborazio klasiko batekin. Batzuetan, gutxiago da gehiago...
Edizio guztietan faborito nagusietako bat da Tripontzi. Nor den esan gabe probatzeko pintxoa emango balidate, argi eta garbi identifikatuko nuke Igor eta bere sukaldearekin. Sinplea, tradizionala eta kalitatezkoa. Lokala ezaugarritzen duen seinalea, ziurrenik 3. topean jarriko duena.
Faboritotik faboritora eta tirotik tirora, Txilibitaren txanda heldu da. Beti buru-buruan agertzen den beste bat. Ziur aski, aurkeztutako pintxo guztien artean landuena. Ikusgarria pintxoa elaboratzeko sukaldean zuten muntaketa ikustea: langile katea, bakoitza bere zereginarekin, goi sukaldaritzako pintxo bat balitz bezala, baita sifoiak erabiliz ere. Eta esan ohi den bezala, batez bestekoa baino pixka bat gehiago itxaron behar zen, baina bere justifikazioa zuen, eta merezi izan du dudarik gabe. Pintxoak tradizionala dirudi egiturari dagokionez (ogi xigortuaren xerra, gozagarria gainean duela), baina berritzailea da elementuen nahasturari dagokionez. Beste top3 bat, argi eta garbi.
Harrituta nago Aralarren proposamenarekin. Lehen begiratuan, liburuxkan ez zuen atentzioa ematen: berdea, eta pintxo gainean zerbait gardena, identifikatu ezin nuena. Baina behin probatuta, nire perspektiba aldatu egin zen. Bakailu tako bat, iberiar kokospe eta espinaka saltsa arin bat. Zaporeen konbinazioarekin erabat asmatu dute.
Atxurrek sorpresa eman nahi izan digu, edizio bakar batean ere ikusi ez dugun zerbaitekin. Nori bururatuko zitzaion bakailua eta txistorra nahastea? Konbinazio guztiak eman daitezke; baina, denek funtzionatzen al dute? Arriskatzen ez duenak ez duela irabazten esaten da. Eta edizio hau izan zitekeen berea... Argi dagoena da, horrelako erabakiek ematen diotela bizitza txapelketa honi.
Originaltasunaren saria Andrekale21ek jasoko luke. Dudarik gabe, atentzio gehien ematen duena da. Egia esan, hasieran ez nion elementuekiko lotura handirik ikusten pintxoari; bakailua alde batetik, azukre-kotoia bestetik. Baina, kontuz, espero nuena baino orekatuagoa da eta. Zapore jolasa gustuko dutenentzat, derrigorrezko geldialdia izan da.
Horbel tabernarekin gauza bitxia gertatu zitzaidan. Inolako asmorik gabe nindoan probatzera, aurreiritzi edo apusturik gabe. Argazkia ikusita, egia esan, ez nuen ulertzen zer behar zegoen bakailu pintxo bati txirbil batzuk botatzeko. Pintxoaren formatua egokitzeko gaitasuna izan zuten, eta, egia esan, erabili zuten modua oso egokia izan zen. Arroza bakailuarekin, sinplea, baina oso ona eta zaporez betetakoa.
Bederatzigarren Bakailuaren Astean egindako iritzi-komentario hau apaltasun eta errespetu guztiarekin egina da. Beraz, errespetua egindako lan guztiarengatik eta seguru aski aldez aurretik pintxo guztiak prestatzeak izan duen lanagatik. Lehiaketa hau joko bat besterik ez da, eta, honen helburua, lagunekin edota familiarekin ondo pasatzea da. Honekin, zoriondu nahi ditut pintxo lehiaketan parte hartu duten taberna guztiak. Beste behin, arrakasta orokorra lortu dute herrian gastronomia espazioa irekiz, guztion gozamenerako.
Edonola ere, eta aukera aprobetxatuz, nire sailkapen partikularra uzten dizuet:
1. Txilibita
2. Tripontzi
3. Goiz Argi
4. Zubialde
5. Kixkal.