Finalera sailkatu da Elur Txori, eta pasea gertu dauka Ur Miak

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 19a, 00:00
Elur Txoriko bolariak (beheran), Zarautz 1 taldekoekin batera.

Ur Miak Ategorrietari irabazi zion Ereñotzun, eta Elur Txori Zarautzi nagusitu zitzaion.

Asteburu garrantzitsua zuten Urumea bailarako bolariek, Gipuzkoako Taldekako Txapelketan; eta oso emaitza onak lortu dituzte, Elur Txorik eta Ur Miak: biek lortu dute garaipena.

Zarautzen nagusitu zen Elur Txori, Zarautz 1 taldearen kontra: 9,5 puntu lortu zituen talde hernaniarrak, eta 6,5 puntu zarauztarrek. Horrela, garaipena eskuratu eta finalera sailkatu da Elur Txori. Izan ere, 9 punturekin dago sailkapenean, eta 6 punturekin Ostadar, Beheko B multzoan. Lasartearrek azkeneko jardunaldia jokatu behar dute, baina garaipena lortuta ere, Elur Txori eta Ostadarren arteko tiraldiak hartuko dituzte kontuan, desenpaterako; eta horietan, guztira 891 brila bota ditu Elur Txorik, eta 856 brila Ostadarrek.

Ur Miak, berriz, Ereñotzun jokatu zuen asteburuko tiraldia, Ategorrietaren kontra; eta 10-6 irabazi zuen. Horrekin, finaletik pauso bakarrera geratu dira ereñotzuarrak. Une honetan, 9 puntu dauzkate Beheko A multzoko sailkapenean, eta 6 punturekin dago Zarautz 2. Beraien artean jokatuko dute ligaxkako azkeneko jardunaldiko tiraldia, Zarautzen, datorren asteburuan. Irabazi edo berdinduz gero, finalera sailkatuko da Ur Mia zuzenean; baina galduz gero, brila kopuruari erreparatu beharko diote. Ereñotzun jokatu zuten tiraldian, 455 brila bota zituen talde ereñotzuarrak, eta 347 brila Zarautzek. Beraz, 108 brilaren aldearekin ekingo dio Ur Miak, jar­dunaldi erabakigarriari.

Dena ondo bidean, bailarako bi taldeak arituko dira finalean, urriaren 31n, Donostiako Altzako bolatokian. Bertan, Goiko A eta B multzoetako irabazleekin batera ariko dira, eta lau talderen arteko lehia izango da, Gipuzkoako txapeldun izateko. Goiko A multzoan, 6 punturekin berdinduta daude Segura eta Gabiri 2, eta elkarren kontra ariko dira azkeneko jardunaldian. Goiko B multzoan, berriz, finalera pasea lortuta dauka Segurak.

Emakumezkoetan, berriz, fi­nalera sailkatu da Zerain, eta Billabonak eta Zarautzek izango dute jokoan beste txartela, azkeneko jardunaldian. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!