Euskal Liga ondo hasi du Hernanik Bera Bera garaitu eta gero

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 19a, 00:00

26-14 irabazi zieten donostiarrei eta denboraldi polita dute aurretik neska hernaniarrek.

Hernani eta Bera Beraren artean bi partidu jokatu ziren asteburuan eta biak hernaniarren garaipenekin amaitu ziren. Larunbatean trikoloreek 26-14 irabazi zuten talde donostiarraren aurka, Euskal Ligako lehenengo jardunaldian, eta denboraldi ofiziala ezin hobeto hasi dute neskek.

Errugbi maila altua erakutsi zuten eta pasa den urteko ildo onari jarraipena emateko asmoz daude. Aurreneko pausoa eman zuten. Hori bai, puntuak lortzeko izerdia gogotik bota behar izan zuten hernaniarrek. Garaipen landua izan zen eta behin lortu eta gero gozatzen den horietakoa, arerio gogor baten aurka.

 

18 urtez azpikoek, garaipena

Aurten ere itxura ezin hobea duen taldea 18 urtez azpikoa da. Hautagai nagusia da Euskal Herriko txapeldun izateko eta aste honetan 40-5 irabazi zuen Gaztediren kontra, Landaren.

16 urtez azpikoek berriz galdu egin zuten Landaren klub berdinaren aurka, Gaztedi, 12-36. Aurten maila apalagoan ariko da 16 urtez azpiko taldea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!