Azkeneko tantoetan egin zien ihes garaipenak, Euskal Ligako neskei

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 19a, 00:00

2-3 galdu zuten Bera Beraren kontra, joko erabakigarrian 13-15 nagusitu baitziren donostiarrak.

Joan den asteburuan hasi du denboraldia Hernanik, nesken Euskal Ligan; eta azkeneko tantoetan egin zion ihes garaipenak, etxean, Bera Beraren kontra. 2-3 nagusitu ziren donostiarrak, jo­ko erabakigarria 13-15 irabazita.

Espero bezala, oso parekatua izan zen lehia, eta hernaniarrek hartu zuten aurrea markagailuan, aurreneko jokoa 25-20 irabazita. Bigarrenean, ordea, akats gehiago egin zituzten, bereziki sakean; eta partidua berdindu zuten donostiarrek, jokoa 20-25 irabazita. Egindako akatsak zuzendu zituen Hernanik hirugarrenean, eta nabarmen na­gusitu zen (25-13); baina laugarrenean, behar baino akats gehiago egin zituzten berriro, eta 21-25 irabazi zuen Bera Berak, partidua berdintzeko.

Horrela, bosgarrena jokatu behar izan zuten. Parekatua izan zen joko erabakigarria, eta berdinduta izan ziren markagailuan, bukaeran donostiarrek ihes egin zuten arte. Bi orduko partidua izan zen, tanto ikusgarriekin, eta goi-mailako lehiaz gozatu zuten ikusleek.

Neska seniorren ondoren, jubenilak aritu ziren, Gipuzkoako Ligan. Fortuna zuten aurrean, eta sufritutako garaipena lortu zuten hernaniarrek. Erraz irabazi zituzten aurreneko bi jokoak (25-14 eta 25-17); baina donostiarrek eskuratu zituzten hurrengo biak (24-26 eta 20-25). Eta joko era­bakigarrian, aurretik izan ziren kontrarioak, baina buelta ematea lortu zuten hernaniarrek, eta 15-13 irabazi zuten jokoa, garaipena eskuratzeko (3-2).

Euskal Ligako mutilek atseden hartu dute aurreneko jardunaldian, eta asteburu honetan hasiko dute denboraldia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!