'Hitzaldi bira'k geldialdia egingo du bihar, Kulturarteko Plaza Feministan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 18a, 00:00

Brasil, Venezuela eta Tunisiako eskoletatik etorriko dira hizlariak, formakuntza politikoaz eta haurren heziketaz jardutera. 

Oinharri eskolak gonbidapena luzatu die Euskal Herriko herritarrei, urrian zehar egingo dituzten formakuntza politikoetan parte hartzeko. Oinharri eskolak esku artean duen proiektu honen izena Hitzaldi Bira da, eta Euskal Herriko hainbat txokoetan egingo ditu geldialdiak. Brasil, Venezuela eta Tunisiako eskoletatik etorriko dira hizlariak, haien jakintzak helaraztera, eta «formakuntza politikoaz eta haurren heziketaz hausnartzera». 

Bihar Hernanin hitzaldia
Bihar arratsaldeko 18:00etan Hernanin egingo du geldialdia Hitzaldi birak, Kulturarteko Plaza Feministan, hain zuzen ere.   Hernanin ez ezik, beste hainbat tokietan ere eskainiko dituzte hitzaldi hauek, hala nola, Pasaian, Gasteizen, Bilbon, Baigorrin...

Hauek izango dira hitzaldietan parte hartuko duten kideak: Jenifer Milagros Lamus Ramos (Venezuelako militante komuneroa): El Maizaleko kooperatibetan jarduten den militantea eta ordezkari komunala. Albanys Montilla (Venezuelako militante komuneroa): Herri Formatzailea, feminista komuneroa eta lurralde aktibatzailea. Rosana Fernandes (Brasil): MSTko zuzendaritzako kide eta Escuela Nacional Florestan Fernandez-eko Koordinatzaile nagusia. Eta azkenik, Jamila El Abboudi (Maroko): Marokoko La Voie Démocratique-ko kidea, eskualde arabiar eta Magrebeko herri antolakundeetako koordinatzailea Herrien Nazioarteko Biltzarrean (HNB edo AIP), eta bertako nazioarteko idazkaritzako kidea.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!