Sekulako garaipenarekin eman dio hasiera Hernanik, aurtengo denboraldi berriari

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 18a, 00:00
Hasiera ederra eman dio Hernanik, denboraldi berriari.

Atzo eguerdiko 12:00etan hasi zen Hernani eta Bera Bera Rugbi taldearen arteko partidua. Hernani gailendu zen, 50-0 irabazita. Zaleen gertutasuna nabaria izan zen Landaren. 

Talde trikoloreak ederki hasi du denboraldia, Donostiako Bera Bera errugbi taldea garaituta (50-0), eta garaipen honekin, bost puntu eskuratu ditu Hernanik. Atzoko partidua gainera, berezia izan zen, zaleen berragerpena egon baitzen Landaren, etxeko zelaian, eta horrek jokalariak indarrez beteta zelairatzea eragin zuen. 

Patrik Polidorik gidatzen dituen mutilak lehen minututik hasi ziren jokoan nagusi izaten. Eta nabarmentzekoak izan ziren, Anartz Elosegi eta Beñat Arizetaren arteko hartu emanak, jokaldi ederrak egin baitzituzten. Bi hernaniarrek, abiadura eta paseetako zuzentasunarekin, entsegu lerrora lau aldiz iristea lortu zuten, lehenengo zatian.

Bigarren zati hasieran, 24-0 markagailuarekin, Jokin Oleak debutatu zuen, eta ez edonola, entsegua lortuz, Pello Perezekin batera egindako jokaldi batean. Jokin Oleaz gain, beste hainbatek ere debutatu zuten, hala nola, Ekaitz Arrozpide, Jon Ander Zapiain eta Iker Burugain. 

Amaiera ederra izan zen, lan asko egin ondoren, 50-0 markagailuak itxi zuen partidua. Hilabete ugari izan dira ligako partidurik jokatu gabe eta aurredenboraldi luze baten ostean, liga txapelketa hasierara indarberrituta eta fresko heldu zen talde trikolorea. 


Datorren partidua, larunbatean jokatuko dute, arratsaldeko 16:00etan hasita, maila galdu berri duen Getxo taldearen aurka jokatuz.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!