Martxan dagoeneko, aurtengo Beldur Barik lehiaketaren 12garren edizioa

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 17a, 00:00
Azaroaren 5era arte dago aukera lanak aurkezteko.

Euskal Autonomia Erkidegoan bizi edo ikasten duten 12 eta 26 urte bitarteko gazteek har dezakete parte. Hernanin, lanak euskeraz aurkeztu beharko dira, eta gehienez hiru-lau pertsonako taldeak osatuko dira. 

Hernaniko Udalak, Berdintasun Sailak eta Berdintasun Kontseiluak Hernaniko Beldur Barik lehiaketa jarriko dute martxan. Aurten gainera, Beldur barik jarrera! ikus-entzunezko lehiaketaren 12garren edizioa izango da. Lehiaketaren xedea da, emakumeek jasaten duten bereizkeria egoerei aurre egiten dioten neska-mutilen adierazpenak «onartu, baloratu eta bultzatzea».  Lehiaketara aurkezten dituzten ikus-entzunezko lanek «errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukizunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan» oinarritutako jokabide eta jarreren adierazgarri izan behar dutela diote antolatzaileek. 

Aurkezten diren lanen euskarria
Antolatzaileen arabera, «edozein adierazpen artistiko onartuko da, baldin eta ikus-entzunezko euskarrian aurkezten bada, hala nola, flashmob, errezitatutako poemak edota kamararen aurrean irakurritako hausnarketa testuak, bideoklipa, animazio proiektuak, proiektuen edota artelanen aurkezpenak, performanceak, eta herritarren esku-hartzeak», besteak beste.

Ikus-entzunezkoak azpitituluak eraman behar dituztela ere ziurtatu dute, izan ere, «azpitituluen helburua irisgarritasun unibertsala bermatzea da, hau da, mundu guztiak ulertu ahal izatea zein den bideoaren mezua». Gainera diote, azpititularrak ahalik eta «irakurterrazenak» izan daitezen, fondo beltzaren gainean, hitz zuriak izatea gomendatzen dutela. 

12 eta 26 urte bitarteko gazteak 
Euskal Autonomia Erkidegoan bizi edo ikasten duten 12 eta 26 urte bitarteko gazteek har dezakete parte, Beldur Barik lehiaketako 12garren edizioan. Eta parte hartzeko, hiru kategoria daude: Lehen kategoria, 2008 eta 2009an jaiotakoak izango dira, hau da, 12 eta 13 urte dituztenak. Bigarren kategoria, 2003 eta 2007 bitartean jaiotakoak osatuko dute, orain 14 eta 18 urte bitarte dauzkatenak, hain zuzen. Azkenik, hirugarren kategorian, 1995 eta 2002 garren urtean jaio direnak, hau da, 19 eta 26 urte bitarteko gazteak hartu ahal izango dute parte.  

Talde lan batean, parte hartzen dutenen %40 gainerako %60 baino nagusiagoa izategatik «goiko kategoria batekoak direnean, lanak zuzenean hurrengo kategorian parte hartuko du». Horrez gain, antolatzaileek aditzera eman dute, lanak euskeraz entregatu behar direla eta pertsona edo talde bakoitzeko, hiru proiektu aurkez daitezkeela «gehienez». 

Hainbat baldintza
Beldur barik lehiaketara aurkeztutako lanek, hainbat baldintza bete behar dituzte. Formatuari dagokionez, lan guztiak bideo formatuan aurkeztu beharko dira; «eta bideoa honako plataformaren batera igo beharko da: Youtube edo Vimeo». 
Entregatutako lanak, gehienez hiru minutuko luzera izango du, kredituak barne «baldin badituzte».  

Horrez gain, lanek lehiaketaren helburuari erantzun behar diote, hau da «indarkeria sexista eta matxista prebenitzea». Aurkeztutako lanen edukiak helburuarekin zerikusirik ez badu, edota beraren aurkakoa edo kalterakoa bada, «lana ez onartzea erabaki beharko dugu». 

Ebazpena parte hartzaileei jakinaraziko zaie eta kontutan hartuko dira, originaltasuna, esklusibitatea, hizkuntza irizpideak, eta musika eta irudien erabilera. Originaltasunari dagokionez, proposamenak «originalak izan beharko dute, ezin dira izan plagiatu, usurpatu edota hirugarren pertsonei kopiatutako lanak izan». Tokiko lehiaketen kasuan, euskerazkoak izan beharko dute, hau da, Hernanin aurkeztuz gero, euskeraz entregatu beharko dira. Horrez gain, egile eskubiderik ez duten musika edo irudiak erabiltzea gomendatzen dute antolatzaileek, besteak beste. 

Lana aurkezteko epeak eta entregatzeko moduak 
Tokiko lehieketeetara aurkezteko epea, azaroren 5ean amaituko da, gaueko 23:59etan hain zuzen ere. 

Lana aurkezteko, egindako lana igo beharko da, aurrez aipatutako Youtube edo Vimeo kanaletara; «plataforma hauek sortzen dituen esteka da aurkeztu behar dena». Bigarren pausua izango da: Beldurbarik.eus estekan, formularioa betetzea eta plataformara igotzean sortutako esteka bertan kopiatzea. Hirugarrenik, izenematea zuzen egin dela baieztatzeko mezua agertuko da. Lehiaketarako lana aurkeztu eta gero, «programaren idazkaritza teknikoak oinarrietan agertzen diren baldintza guztian betetzen dituela egiaztatuko du». Hau  egiaztatu eta gero, idazkaritza teknikoak onartu den edo ez jakinarazteko mezua bidaliko du, eta azkenik, onartutako lanak, beldurbarik.eus webgunean publikatuko dira.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!