Egunerokoaren abiadura azkarragatik, besteen beharrei gureei baino arreta handiago eskaintzearren edo moralki desegokia iruditzen zaigulako, besteak beste, gure gorputzaren beharren aurrean entzungor egitea gerta dakiguke.
Gorputza gara. Gu garena, hezurmamitzen gaitunea, horixe gara. Azalak ingurunearekin muga marrazten digu. Eta bertan bizipen atsegin zein desatseginak ditugu. Norbaitek besarkatzen bagaitu, gu garenarekin konexio zuzena egin dezake, guk geuk ez badugu sentsazioa deskonektatzen. Airea sakon arnasten dugunean, gure bizipenak intentsifikatzen dira, asebetetasunera hurbilduz une horretan. Nola zabiltza zu? Zure gorputzaren beharrei arreta ematen al diezu? Norbere buruarekin duen tratuak, besteekin eraikitzen dituen harremanak baldintzatzen ditu.
Zer iruditzen galdera hauek orri batean erantzuten joatea? Nola elikatzen naiz? Azkar? Lasai? Konpainian? Bakarka? Alkohol asko kontsumitzen al dut? Batere ez? Oso zurruna al naiz nire dietarekin? Nire antsietatea alikaduraren bitartez apaltzen saiatzen al naiz? Nola eragiten dit honek nire harremanetan?
Nola arnasten dut? Azkar eta superfizialki? Lasai eta sakon? Ematen al diot nire buruari lekua eta denbora arnasteko? Zein leku hartzen dute besteek nirekin daudenean? Azkar arnasten badut, haiek entzuteko gai al naiz? Edo nire egonezinak zirriborratzen ditu elkarrizketak?
Epel eta garbi sentitzen naiz nire gorputzean? Ala sentsazio desatseginak ditut? Maizago dutxatuko banintz, seguruago harremanduko al nintzateke?Agian ez naiz dutxatzen, eta orduan ez naiz ateratzen eta sozialki nire harremanak pobreagoak dira? Hala balitz, kontaktua mozteko erabiltzen egongo al nintzateke ez dutxatzea?
Esfortzu baten ostean, oreka berreskuratzeko atsedena beharrezkoa da. Hartzen al dut nahikoa atseden? Nolako umorea dut nekatuta nagoenean? Nola harremantzen naiz orduan hurbilekoekin?
Gai al naiz nire erantzun sexualari beharrezko estimuluak eskaintzeko? Nola sentitzen naiz behar erotikoen aurrean? Nire kabuz asetzen saiatzen naizenean, plazera sentitzen al dut? Azkar egiten dut beste zerbait egiteko lehen bai lehen? Konforme al nago erotismoari ematen diodan arretarekin? Besteen bizitza erotikoek inbidia sentiarazten al didate? Eta hala bada, nola eragiten dit horrek nire jokabidean? Nola zeharkatzen du horrek nire auto-irudia?