Herri burujabetza jardunaldiak antolatu dituzte bi egunez, Iturolan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 16a, 00:00

Hernani Burujabe herri proiektuaren barruan, jardunaldiak izango dira hilaren 22an eta 23an. Mahainguruetan eta hitzaldietan, hainbat gai landuko dituzte: kultura, moneta, zaintza, enegia, gogoeta, elikadura burujabetza, eta abar.  

Urriaren 1ean aurkeztu zuten Atsegindegin, Hernani Burujabe herri proiektua. Udala, herritarrak eta Hernaniko sektore ekonomikoa aritu dira, elkarlanean, proiektua lantzen, eta egindako guztiaren nondik norakoak azaldu zizkieten bertaratutako herritarrei. 


Horrelaxe definitu zuten pro­iektua: «erronka globalen testuinguruan, Hernanitik, herritarron beharrei herri gisa erantzuteko abiatzen den prozesua da». Horren barruan, jardunaldiak antolatu dituzte datorren asterako. Zehazki, hilaren 22rako eta 23rako jarri dute hitzordua, Iturolan (Florida 28). 

Energia, moneta eta beste hainbat adar landuko dituzte
Ostiralen ekingo diote egitarauari. Menpekotasuna vs. Burujabetza izenburupean, hitzaldia eta mahaingurua izango dira Iturolan, 18:30etan hasita. Hizlariak izango dira Gorka Martija Observatorio de Multinacionales en América Latinako (OMAK) kidea eta Hiritik at kooperatibako kideak.


Larunbatean, goizetik hasita eguerdira arte egongo da zeregina. Hasierako ekitaldia 09:45etan izango da, eta, jarraian, 10:00etatik 10:50etara, energia, elikadura burujabetza eta zaintza izango dituzte hizpide, bakoitza areto batean.


Ondoren, 11:00etatik 11:50etara, moneta, basogintza eta telekomunikazioa landuko dituzte. Hurrengo zita, berriz, 12:00etatik 12:50etara izango da. Horretan, kulturaren, gogoetaren eta etxebizitzaren gainean arituko dira.Amaitzeko, musikaz alaituriko aperitiboa egingo dute. Bertso jarri musikatuak izango dira Eli eta Manex Pagolaren eskutik, 13:00etan. 


Antolatutako hitzaldi bakoitza gaian aditua den talde edo norbanako batek eskainiko du, eta ordu berean hiru saio izango dira, bakoitza areto batean.  

 

HERRI BURUJABETZA 
JARDUNALDIAK

URRIAK 22, ITUROLAN
18:30 Hitzaldi/mahaingurua: 'Menpekotasuna vs. Burujabetza'. Hizlariak: Gorka Martija, Hiritik at. 

URRIAK 23, ITUROLAN
09:45 Hasiera ekitaldia
10:00-10:50 Energia: 'Energia kooperatiba herritarrerantz', energiako talde sustatzailearen eskutik, A aretoan.
10:00-10:50 Elikadura burujabetza: 'Herrilurren sorrera eta asmoak', Herrilurreko kideen eskutik, B aretoan.
10:00-10:50 Zaintza: 'Zaintzen demokratizaziorako prozesu herritarra', C gunean.
11:00-11:50 Moneta: 'Moneta propioa gure etorkizuna', 
EKHILURreko kideen eskutik, A aretoan.

 

11:00-11:50 Basogintza: 'Zein da basoen egoera eta etorkizuna', Arturo Elosegi adituaren eta Lurgaia Fundazioaren eskutik, B aretoan.
11:00-11:50 Telekomunikazioa: 'Onaro, Oñatiko esperientzia', Xabier Igartua Loidi Oñatiko Udaleko sozioekonomia zinegotziaren eskutik, C gunean.
12:00-12:50 Kultura: 'Kulturaren inguruan biraka', Sanagustin kulturguneko kideen eskutik, A aretoan.
12:00-12:50 Gogoeta: 'Korapiloak askatuz, eztabaida eta iritzi emate librea', B aretoan.
12:00-12:50 Etxebizitza: 'Eta Hernanin zer?', herriko hainbat eragileren eskutik, C gunean.
13:00 Musikaz alaituriko aperitifa, Eli eta Manex Pagolaren bertso jarri musikatuekin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!