Hernanik Bera Beraren aurka hasiko du bihar denboraldi berri itxaropentsua, Ohorezko B Mailan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 16a, 00:00
Landarera bueltan da Hernaniko talde nagusia eta ikusleak ere bueltatu daitezke.

Landaren, 12:00etan, hasiko da denboraldia eta hernaniarrek donostiar aurkari zuzena izango dute aurrez aurre. Hernaniren helburua da mailaz igotzea eta Ohorezko Mailara itzultzea.

Hernanik denboraldi itxaropentsuari ekingo dio bihar, 12:00etan, Landaren, Bera Beraren kontra. Ohorezko B Mailan, jarraian jokatuko duen bigarren denboraldia izango du eta aurten ere mailaz igotzeko faboritoen artean dago.


Aurredenboraldian maila benetan ona eman du taldeak, Faduran bertan Getxo garaitu zuenean, esaterako. Bizkaitarrak ere, A multzoko faboritoak dira, Independiente eta Bera Berarekin batera. Hain zuzen, donostiarrak dira lehendabiziko aurkariak eta txapelketa indartsu hasi beharko dute hernaniarrek, multzoko hiru lehendabiziko postuetan geratzeko.  


A Multzoa edo Iparraldeko taldea hamabi taldek osatzen dute: Hernani, Getxo, Independiente, Palencia, Bera Bera, Zarautz, Belenos, Gaztedi, Uribealdea, Campus Ourense, Universitario Bilbao eta Eibar. Guztira, zortzi talde euskaldun.


 Espainiako Errugbi Federazioak aurtengo denboraldirako hainbat aldaketa onartu zituen. Orain arte bezala, 36 talde lehiatuko dira, hiru multzotan banatuta, ohiko irizpide geografikoen arabera. Ondoren, lehenengo itzuliaren amaieran, lau taldetan banatuko da maila eta Elite multzoan egongo diren  bederatzi taldeek bakarrik izango dute Ohorezko Mailara igotzeko aukera.

Liga erregularrean bi fase jokatuko dira
Lehenengo 11 jardunaldietan, multzo bereko talde guztien aurka ariko da Hernani, itzuli batera. Bost partidu jokatuko ditu etxean eta beste sei, etxetik kanpo. Datorren astean, Getxon jokatu beharko du; eta, Independienteren kontra ere, etxetik kanpo lehiatuko da, abenduaren 12an. 


Bigarren itzulia jokatzeko multzo bat gehiago sortuko da: Elite multzoa, hain zuzen. Multzo hori A, B eta C multzoetako lehenengo hiru taldeek osatuko dute. Beraz, bederatzi taldek osatuko dute eta zortzi jardunaldi gehiago jokatuko dituzte fase erregularreko 19 partiduak osatuz.  Elite multzo honetako lehenengo lau sailkatuek jokatuko dute igoera fasea. Gainontzeko 27 taldeeek, hiru multzotan,  mailari eusteko jokatuko dute.


Elite multzoan ariko diren taldeek 0 punturekin hasiko dute bigarren itzulia, baina talde horretara pasatzen ez diren taldeei puntuazioa mantenduko zaie. Talde guztiak saiatuko dira, etxean zein kanpoan, partidu berdintsuak jokatzen bigarren zozketan.

Igoerako fasean bi kanporaketa, joaneko eta itzuleko partiduekin
Elite multzoko lehenengo lau sailkatuek jokatuko dute igoera fasea. Hasieran, finalerdiak jokatuko dira bi partidutara (joanekoa eta itzulekoa). Lehenengo sailkatua, laugarrenaren aurka ariko da eta bigarren sailkatua, hirugarrenaren kontra. Itzuleko partidua izango da, sailkatu onenaren etxean.


Finalerdietako irabazleen artean jokatuko da finala, hau ere bi partidutara. Play offa irabazten duen taldea igoko da zuzenean Ohorezko Mailara eta finala galtzen duen taldeak Promozioa jokatuko du maila goreneko azken aurreko sailkatuaren aurka.

Neskek gaur hasiko dute Euskal txapelketa
Neskek gaur hasiko dute denboraldi ofiziala, Bera Beraren aurka, baita ere. Landaren jokatuko dute, 17:00etan, Euskal txapelketako lehenengo partidua. Pasatako denboraldiari jarraipena emateko gogotsu daude.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!