Erroilaburu-Añua bidearekin, gaur hasiko du Hernaniko Udalak aurtengo asfaltatze-plana

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 14a, 00:00
Perkaiztegiko ubideen artean errodura-geruzaren berritzea aurreikusi da.

Gaur ekingo zaie lanei eta bi egun iraungo dute. Asfaltatze lanen aurrekontua 389.532,5 eurokoa izango da, BEZa barne. Asfaltatze lanez gain, herriko hainbat kaletako zati txikiagoetan koska edo zuloen konponketak ere egingo dira.

Gaur emango zaio hasiera aurtengo asfaltatze-planari, eta Erroilaburu-Añua bidea izango da lehenengoa. Bi eguneko lanak aurreikusi ditu Hernaniko Udalak, errepidea konpontzeko. Hori amaituta, bi asteko geldialdia izango da, eta azaroaren hasieran berriro ekingo zaio planaren zatirik haundienari; «beti eguraldiak horrelako lanengan izan dezakeen eragina kontutan hartuta; izan ere, euriarekin orokorrean ezin da asfaltatu, ezta hotz gehiegi egiten duenean ere». 

Asfaltatze lan hauen helbu­ruak zeintzuk diren eman du aditzera Udalak, eta dio Hernaniko hainbat kale eta herri bidetako errepidea berritzea edota birgaitzea dela asmoa: «berritze horiek batzuetan bere osotasunean burutuko dira, eta beste batzuetan zatika. Gainera, puntu zehatz batzuetan azaldutako patologiak ere konponduko dira». 

Udalak aztertu dituen kale eta herri bideetako pabimentua oso hondatuta dago: «pitzadura, koska eta azalerako kalte ugari daude, eta horiek lehenbailehen konpontzea beharrezkoa da». Horrez gain, kalte haundiagoak dituzten zatiak ere badaudela jakinarazi du; «eta zati hauetan konponketa sakonagoa egitea beharrezkoa da».

Errepideak hondatu izanaren arrazoiak zein diren ere azaldu du Udalak: «erabileraren ondorioz sortutako higadura, trafiko astunaren eragina eta zoladuraren adina». Asfaltatze obra ho­ri­en aurrekontua da 389.532,5 eu­rokoa, BEZa barne. 

Orkolagako plaza osoko asfaltoaren errodura-geruzaren berritzea egingo da.
 

Egingo diren lanak

Erroilaburu-Añua bidea, Martindegi auzoan hasi eta Añua baserrira iristen da. 2019ko asfaltatze planean bide honen lehen zatia birgaitu zen; eta oraingoan egingo diren lanak, berriz, lehenengo fasea bukatu zen puntuan hasiko dira: «egun asfaltatuta dagoen bide osoan egingo dira, hau da, Añua baserriraino». Konpondu beharreko bide zatiaren luzera 700 metro ingurukoa dela jakinarazi du Udalak. 

Akan-Juanantonenea bidean ere egingo ditu konponketak. Akarregi industrialdearen atzeko aldetik iristen da bidera, eta bertan egin beharreko birgaitze lanen hasiera, A-15 autobidea azpitik gurutzatu eta Akan baserriko bihurgunearen ondoren dago. Konpondu beharreko bide zatiaren luzera 500 metrokoa da, eta bide horretan «egiteko nagusia errodura-geruzaren sakontze tratamendua da». 

Usategieta bidean (Lastaola) ere egingo dute lanik. Ibarluze industrialdea eta Pardiolako bidea lotzen ditu, eta ertan egingo dira saneo-tratamenduak eta sendotze-tratamenduak, beste­ak beste.

Ereñotzun, Alkatxurain bidea

Ereñotzun, berriz, Alkatxurain bidea konponduko dute. Herri bide honen hasiera Ereñotzuko herrigunearen goiko aldean dago, eta egin beharreko lanak bi zatitan banatzen dira: «ahal denean errodura-geruzaren sendotze-tratamendua egingo da, baina zati batzuetan bidearen azpiko lauza eraitsi eta berria eraikitzea beharrezkoa izango da». Bidegurutzetan asfaltoa berrituko da, eta «beharrezko juntura tratamenduak» egingo dira. 

Hernaniko Ertzaintzaren ko­misaldegiaren ondoko biribil­guneko zati batean ere, barruko aldean saneo-tratamendua egitea aurreikusi du Udalak, «beste zatia egoera onean baitago». Horrez gain, Lizeaga kaleko asfaltoa «egoera oso txarrean» dagoela ohartu da Udala, eta beraz, kalearen errodura-geruza berritzea aurreikusi du, besteak beste. 

Era berean, Udalak uste du, Atzieta kaleko asfaltoaren higadura ere «nabarmena» dela, eta hori kontutan izanik, kale osoaren errodura-geruza berritzea aurreikusi du. Eta gauza bera egingo dute Txirrita kalean. 

Bestalde, Orkolaga plazako asfaltoaren egoera «kaxkarra» denez, plaza osoko asfaltoaren errodura-geruza berritu ere egingo da. Perkaiztegi eta Nafar kalean ere hainbat berritze lan egingo dira: errodura-geruza be­rritzeko lanak, eta zoruko seinale  guztiak berriro margotzea, besteak beste. 

Zenbait ekintza gehiago

Aurreko lanez gain, herriko hainbat kaletako zati txikiagoetan koska edo zuloen konponketak ere egingo dira. Bestalde, Udalak zenbait herri bideren zatietan «hormigoi armatuzko lauzaren konponketa» ere egingo du. Lan horiek, honako kaleetan egingo dira: Elkano kalean, Latsunbeko bidegurutzean, Urumea Ikasto­lan eta Izpizua bidegurutzean; Larramendi kalean, Milagrosan; Sagastialden, Udal Haurreskolaren aparkalekuan; Txillida Etorbidean; eta Portun, Shangai ondoan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!