'Herrigaia' mahai gainera Sortuk, larunbat honetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 13a, 00:00

Urriaren 2ko argazkia, independentzia eguna ospatu zuen Sortuk.

Sortuk, larunbat honetan, goizeko 10:00etatik 13:00etara bitartean, Herrigaia ponentzia lantzeko eta aberasteko herri batzarra antolatu du, Merkatuzarreko bilgunean. 

Aurreikusitakoa baino urtebete geroago dator Sorturen kongresua; «2021eko urtarrilean amaituko zela aurreikusi bagenuen ere, pandemiak prozesu guztia aldarazi zigun, eta 2020ko urtarrilaren 22an amaituko da». 

Sorturen arabera, kongresu prozesuari ekiteko erabakia 2020ko otsailaren 8an hartu zuen Nazio Batzarrak. Eta diote, bertan ezarri zela kongresu prozesu honen abiapuntua eta filosofia. Batzar hartan honakoa izan zen onartutako ebazpena: «ezker abertzalea moldatze eta indartze bidean dabil ETAren zikloaren ondorengo garaira egokitzeko, aspaldi abiatutako hautu ausart eta emankorrari segida emanaz. Gure munduan aldaketak gertatzen ari dira, oso korronte bizian eta horrek, eragin zuzena du gure herriarengan, baita ezker abertzalean ere. Zurrunbilo honen erdian ari gara paradigma berrirako trantsizio konplexua egiten, ur nahasiotan igeri egiten ikasten. Baina bizkortze ero honek ez gaitu nahasi, ez gara bidean galdu eta ezker abertzalearen egitasmo politikoa bizi-bizirik dago». 

2016ko abenduan onartutako Zohardia ponentzia saiakera bat izan zen ezker abertzalearen ildoa «mundu berri honetara egokitzeko», eta ebazpenaren arabera, «ezker abertzalea artikulatzeko gai den, eta ondorioz, bere ekarpen gaitasunagatik, eragin haundikoa den Sortu bat behar dugu, herrian urtuko den Sortu. Eta horrek, Zohardian proposatutako eredu organizatiboan eta dinamizazio ereduan sakondu eta egin beharreko doiketak egitea galdegiten du». 

Kongresu prozesu berriaren misioa argia zela dio Sortuk: «Zohardian finkatutako eredu politiko-organizatiboan sakontzea, ezker abertzaleko militantzia saretzea eta zuzendaritza berritzea». Sortuk dio, batzar hartan konstatazio bat gelditu zela agerian: «aurreko kongresuan onartutako Zohardia ponentziaren balantzea egin beharra zegoela, beharrezko egokitzapenak identifikatu eta gauzatzeko, bai ildo politikoaren alorrean, bai antolaketa alorrean zein funtzionamenduan ere». Horrekin batera, Sorturen arabera, kongresu prozesua, proiektu politikoarekiko militantziaren konpromisoa indartzeko baliatu nahi zen; «kongresu honetan ezkerreko independentismoa indartzeko erabaki egokiak hartu beharko ditugu beraz. Prozesu formalaz gain, gogoeta estrategikoan eta elkarren entzuketan murgilduko gara, indartsuago bilakatzeko». 

Hala ere, ezustean pandemia etorri eta Sortuk dio ziurgabetasuna nagusitu zela arestian aipatutako asmo horiek gauzatzeko. Horrenbestez, «kongresu prozesua behin-behinean etetea erabaki zuen Nazio Batzarrean». 
Covid-19aren gorabeherak kontutan izanik, Sortuk aurrerapausuak eman behar zituela ikusirik, plangintza eta urrats dinamikoak zituen prozesua marraztu zuten; «hori horrela agertoki ezberdinen aurrean kongresu prozesua aurrera eramateko erabakia hartu genuen 2020ko irailean: hutsuneak antzemateko eta egin beharreko doikuntzak aztertzeko, birdefinitu egin behar izan genituen denborak, bitartekoak eta metodologia. Militantzia guztiarekin ariketa kolektibo bat egin behar genuen» horixe zen 2020ko otsaileko Nazio Batzarrak onartutako mandatua.
«Ariketa kolektibo erraldoia» 

Larunbat honetan hain justu, Sortuk Herrigaia ponentzia lantzeko eta aberasteko herri batzarra antolatu du, bilgunean. Goizeko 10:00etatik 13:00etara bitartean izango da, eta bertaratuko diren hizlariak Arkatzi Rodriguez eta Xabier Iraola izango dira. 

Larunbat honetan aurkeztuko den ponentzia, lehen aipatutako mandatuan oinarrituta dago; «eta orain arteko bidea ariketa kolektiboa izan da» ziurtatu du Sortuk, eta honakoa gaineratu du: «500 militante erreferentzialengana jo genuen, buruz buruko elkarrizketa sakonak eginez, haiekin bildu eta iritziak jasoz. Horrek, abiapuntu ezin hobea eman digu eztabaidak planteatu eta balantze bat osatzeko». Balantze hau Atarrabian onartu zen, Nazio Batzarrean. 
Bigarrenik, Sortuk dio udan bi saio erabakigarri egin direla militantziarekin; «bata Durangon, uztailaren 17an eta bestea Oiartzunen abuztuaren 28an: udako topaketak». Sortuko 450 militantek hartu zuten parte, begirada «etorkizunean» jarrita batik bat. Eta jakinarazi dutenez, hango tailer eta eztabaida saioak funtsezkoak izan ziren ponentziaren oinarriak finkatzeko. 

Hirugarrenik, Sorturen Nazio Kontseiluak, orain arteko ekarpenak kontutan hartuta idatzi du larunbatean aurkeztuko duen ponentzia. Beste edozein kongresu prozesuetan bezalaxe, hemen ere, «zuzenketa eta partzialak aurkeztu eta bozkatu ahal izango dira, eta osoko zuzenketan aurkezteko eta bozkatzeko aukera ere izango dute Sortzaileek».   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!