Isidoro Ávilaren 'Egurra eta harria' eta Miguel Monteroren 'Akuarela' erakusketak bihartik, ikusgai

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 12a, 00:00
Miguel Montero ezkerrean, eta Isidoro Ávila eskuinean.

Bihartik hasita, urriaren 22ra arte egongo dira ikusgai 'Egurra eta harria' eta 'Akuarela' erakusketak, Biterin. 

Bihartik aurrera, Isidoro Ávilak eta Miguel Monterok, maitasunez egindako erakusketa bana jarriko dute Biteriko erakusketa gelan. Urriaren 22ra arte dago aukera bertaratzeko, ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera arratsaldeko 17:30etatik 20:00etara, eta larunbatetan, goizeko 11:00etatik eguerdiko 13:00etara. 

Isidoro Ávilak, Egurra eta harria izeneko erakusketa sortu du, eta dio artista «natura» izan dela. Izan ere, egurrarekin, forma bitxiak sortu ditu Ávilak, eta «urak zizelkatutako harriak» ere nagusi dira Isidororen erakusketan. «Nire lana izan da erabilitako materiala (egurra eta harriak) garbitzea eta distiratsu uztea, egurrezko oinarri bat jarriz, euren edertasuna goraipatzeko» jakinarazi du.

Miguel Monterok aldiz, 'Akuarelak' ekarri nahi izan ditu erdigunera, eta dio pintura pianoa bezalakoa dela; «bere teknika dauka, bere mekanika, eta bere ofizioa». Monterok azaldu du, maiz margotu behar dela; «eta akuarelan, gehiago oraindik. Prozedura honek, beste batzuek bezala, maiztasuna eskatzen baitu, zenbat eta gehiago aritu, orduan eta hobeto». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!