Suharri Rodriguez 'Paolla' aizkolaria hirugarren mailako finalera sartu da

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 12a, 00:00
Suharri 'Paolla' Gipuzkoako bigarren mailako txapelduna da.

Hirugarren eta azken kanporaketan bigarren geratu da Larrabetzun, eta Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako Lizartzako finalera ere sailkatuta dago.

Suharri Rodriguez Paolla aizkolaria beste bi finaletara sailkatu da azken asteotan. Urriaren 3an Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finalera sailkatu zen, Deustun jokatutako kanporaketan. Urriaren 17an  Lizarran jokatuko da finala, eta bertan aurkari izango ditu Jokin Urretabizkaia Basozabal, Ibai Soroa eta Hodei Ezpeleta.

Bestetik, igandean Larrabetzun, aizkolarien Euskal Herriko Hirugarren mailako txapelketaren finalera sailkatzea lortu zuen aizkolari hernaniarrak.

Finala noiz eta non jokatuko den zehaztu gabe dago, baina erabakita daude sei aizkolari finalistak: Jokin Urretabizkaia Basozabal donostiarra, Julen Ga­birondo urnietarra, Andoni Iru­retagoiena Izeta VI aiarra, Xuban Kañamares arostegiarra, Patxi Mindegia zubietarra eta Suharri Paolla hernaniarra.

Azken biak, lehenengo eta bigarren geratu ziren azkeneko kanporaketan. Aizkolari bakoitzak lau enbor kanaerdiko ebaki behar zituen, eta Mindegiak egin zuen denborarik onena, 8 minutu eta 3 segundurekin. Paolla 41 segundura sailkatu zen, eta lehia estua izan zuen Soroarekin, 15 segunduren aldea atera baitzion.

Hamar aizkolarik hartu zuten parte bertan, eta Paollak, beste behin, lan ona burutu zuen. Finalean aukera gehiago izango ditu txapela jantzi eta bigarren mailara igotzeko, lan luzeagoa baita, eta horretan hobe­to moldatzen da. Bigarren pos­tu­ak ere igoeraren saria dakar.

Ez da ahaztu behar, uztailean Gipuzkoako bigarren mailako txapela janztea lortu zuela Astigarragan, eta lehenengo mailara igo dela.

 

Iñigo Merkaderrek desafioa gaur, Xoxokan

Iñigo Merkader segalari hernaniarrak desafio polita du gaur aurretik. Mikel Lizartza segalari tolosarraren aurka, korrika eta segan ariko da. Urnietako Xoxoka auzoan elkartuko dira bi kirolariak, 11:30etatik aurrera. Bakoitzak, 3.000 euro jarri ditu jokoan. Biak ala biak segalariak izanik, segan amaituko dute apustua, baina aurretik korrika egin beharko dute. Sei kilometro osatu beharko dituzte, eta gera­tzen zaien denbora, ordu eta erdi osatu arte, segan egingo dute. Irabazlea izango da, belar kilo gehien mozten duena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!