2022an udal zergak ez igotzea eskatu du Hernaniko PSE-EEk

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 11a, 00:00

«Zerga, tasa eta prezio publiko guztiak izoztu eta familiei mesede egiteko» eskaera luzatu dio alderdi sozialistak, EH Bilduren udal gobernuari.

2022ko udal zerga, tasa eta prezio publikoak finkatzeko garaia dute hau, udal guztiek; eta litekeena da, urriko Plenoan lantzea gaia Hernaniko Udalak. Horregatik, aldez aurretik eman du bere ikuspuntua Hernaniko PSE-EEk, eta EH Bilduren udal gobernuari eskatu dio, datorren urteko zerga, tasa eta prezioetan igoerarik ez aplikatzea. Horiek guztiak «izoztu», eta familiei «mesede» egiteko eskaera luzatu dio, «erantzukizunez jokatuta».

Neurri horren helburua litzateke, «gure bizilagunen eta, bereziki, egoera ekonomiko txarrenean dauden familiei, presio fiskala ez haunditzea, kontutan hartuta, 2019an gertatu bezala, Gipuzkoako udalek baliabideak berreskuratuko dituztela, eta au­rreikusitakoa baino kopuru haun­diagoa jasoko dutela Foru Fun­tsa­ren doikuntzari esker», azaldu du alderdi sozialistak.

Ricardo Crespo bozeramaile­ak gogorarazi du, EH Bilduren udal gobernuak udal tasak eta zergak igo izan dituela, «nahiz eta Udalaren egoera ekonomiko eta finantzarioa ona izan. Zehazki, 2018an eta 2019an %1eko igoera orokorra izan zuten. 2018an, Hernaniko Udalak 3,5 milioi euroko gerakina izan zuen, eta 2019an, aurreikusitakoa baino 750.000 euro gehiago jaso zituen Foru Funtsetik. Bi urteetan, Hernanik baliabide gehigarri batzuk izan zituen, gerakina aplikatzearen eta FOFIM likidatzearen ondoriozkoak; eta horiek nabarmen hobetzen dute Udalaren finantza-posizioa. Hala ere, koalizio soberanistak ordenantza fiskalak eguneratu zituen, zerga eta tasen igoera orokor baterako aprobetxatuz; eta udal talde sozialistak aurka bozkatu zuen, bilketarako erabakiak zirelako». Era berean, uste du 2020an tasak %0,8 igo izanak «kalte» egin diela «familia hernaniar askori».

Pandemian, 2021ean, zergak izoztu ziren, eta ordainketak malgutzea ahalbidetu. «Baina orain, Udalak osasun krisitik irtetea borobildu beharko luke, 2022rako udal zergak eta tasak izoztuz. EH Bilduren udal gobernuak ahalik eta gehien optimizatu behar ditu dauden baliabide ekonomikoak, tasak eta zergak haunditu gabe», diote.

Crespok ziurtatu du, igoerarik aplikatzen ez bada, tokiko ekonomia suspertzea bultzatuko dela, eta horrek herri osoari egingo diola mesede. Zergak eta tasak ordaintzeko erraztasunak ematea ere eskatu du, familien eta ugazaben larritasuna arintzeko: «bizi dugun errealitate sozialari bizkarra ematen dion politika, huts egindako politika da. Tokiko ekonomia berpiztu nahi badugu, politikarik onena beti da fiskala eta birbanatzailea. Oreka ekonomiko bat aurkitu behar dugu bidezko zergen kobrantzen artean, zerbitzuak alde batera utzi gabe, eta Ongizate Estatua kaltetu gabe. Gure bizilagunekin, autonomoekin, merkatariekin, os­talariekin eta ekintzaileekin ego­teko unea da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!