Katalunian berregin dute oraingoan, Askatasunaren Bidea

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 10a, 00:00

Dani Karavanek Walter Benjaminen omenez egindako eskultura, Portboun.

Banyuls de la Marenda eta Portbou lotu zituzten irailaren 25ean, Euskal Pirinioak Askatasun Bideak elkartearen eskutik.

Urteak dira, mota guztietako ekitaldiak antolatzen dituela Euskal Pirinioak Askatasun Bideak elkarteak, Bigarren Mundu Ge­rran iheslariei laguntzeko osatu ziren sareak eta parte hartu zuten mugalariak gogoratu eta omentzeko.­ Ekitaldi horietako batek, Hernani izaten du kokaleku urtero, Loidiko oroitarriaren aurrean omentzen baitituzte mugalari eta laguntzaile hernaniarrak, eta haiei esker ihes egitea lortu zutenak.

Baina bestelakoak ere izaten dira omenaldiak. Esaterako, mugalari eta iheslariek erabiltzen zituzten bideak berregiten dituzte, historia berpiztu eta haiek egindakoak gogoratzeko. Euskal Pirinioetan eta inguruetan egiten dituzte ibilbideak, normalean; baina oraingoan, urrutiago joan dira: Katalunian egin zuten ibilaldia, Banyuls de la Marenda eta Portbou artean, irailaren 25ean. Eta bertan, omendu zuten Walter Benjamin errefuxiatu judu alemaniarra.

Ekitaldiak izandako arrakastarekin pozik azaldu da Euskal Pirinioak Askatasun Bideak elkartea, eta eskerrak eman nahi izan dizkie, parte hartu zuten guztiei, eta antolakuntzan lagundu zutenei. Eta eskerrak eman nahi izan dizkie, era be­rean, Portbouko turismo bulegoari, ekitaldia ezagutzera emateagatik; eta Hernaniko Udalari, emandako dirulaguntzagatik.

Lau ingelesek, hiru kataluniarrek, bi irlandarrek eta euskaldun batek osatutako taldea elkartu zen, eta Walter Benjamin filosofoaren ibilbidea egin zuten: haren ihesaldiaren testuinguru historikoa gogora ekarri zuten, ibilbidean dauden panelen bitartez, filosofiarekin konbinatuta, bereziki Benjaminena. Eta aukera izan zuten, era berean, Dani Karavanek Walter Benjaminen omenez Portboun egindako eskulturak ezagutzeko, eta baita haien atzean dauden kontzeptuak ere. Gainera, 20 nerabek osatutako talde bat topatu zuten ibilbideko punturik altuenean, Col de Rumpissón: «pozgarria izan zen, haiek ere ibilbidea jarraitzen ari baitziren, Bigarren Mundu Gerran nazismotik egindako ihesaldia omentzeko».

Hurrengo hitzordua ere jarri du EPABek, dagoeneko: 2022ko ekainaren 18an eta 19an, Lescunetik Canfranceko tren geltokira egingo dute ibilaldia, muga zeharkatuz. Geltokiko zuzendari zena ere, ihes sareko kide izan zen, gogorarazi dutenez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!