Manolo Sagarnari 'egileen giltza' eman dio SGAEk, 50 urteko ibilbide luzeagatik

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 10a, 00:00
Bi hamarkada luzez izan zen Manolo Sagarna, Musika Bandako zuzendari.

20 urtetan baino gehiagotan izan zen Hernaniko Musika Bandako zuzendari, 1983an batuta hartuta; eta bere «ibilbide artistikoa balioan jarri» nahi izan du SGAEk. Beste sei euskal musikagile ere omendu ditu.

Urte asko dira, Hernaniko Musika Bandaren batuta utzi zuela Manolo Sagarna Goiburuk, baina ez dute berehalakoan ahaztuko bere lana eta ekarpena. 1983an hartu zuen bandaren gidaritza, eta bi hamarkada baino gehiago egin zituen zuzendari lanetan, Zipri Otxandorenari testigua pasa zion arte. Ordutik, beste bi errelebo izan dira: Roberto Pachecok hartu zuen batuta 2013an, eta Jorge anaiari pasa zion 2018an. Eta hiruek aitortu dute, urte guzti hauetan, ondo gogoan dutela Sagarnak egindako lana, beraien irakasle ere izan baitzen; eta harreman estua dagoela haien artean.

Baina Hernanitik ez, SGAEtik (Sociedad General de Autores y Editores) iritsi zaio errekonozimendua Sa­garnari, oraingoan: egileen giltza delakoa eman diote, 50 urtez elkarteko bazkide izateagatik, eta hainbeste urtetan egindako «ibilbide artistikoa balioan jartzeko». Joan den asteartean egin zuten ekitaldia, Bilbon; eta beste sei musikagile ere omendu zituen SGAEk: Julen Ezkurra, Pascual Barturen, Enrique Fernández de Garayalde, Sabin López de Guereño, Carlos Zubiaga, eta Joxe Mari Oiartzabal an­doaindarra, Hernaniko Musi­ka Bandarekin lotura haundia daukana. Antonio Onetti SGAEko presidenteak eman zien egileen giltza, eta esker hitzak izan zituen haientzat guztientzat. Ezin izan zuen ekitaldira bertaratu Sagarnak, eta datozen egunetan jasoko du giltza Donostian, berari eskainitako ekitaldi pribatu batean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!