«Ez naiz duela bi urtekoa, arraunean hasi eta gero helduagoa naiz buruz eta fisikoki»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 9a, 00:00

Sega sail txapelketa amaitu ondorengo afarian sotu zen desafioa . Argazkia: Danbolin

Iñigo Merkader segalari eta arraunlari hernaniarrak apustua jokatuko du asteartean, 11:30etan, Xoxokan, Mikel Lizartza tolosarraren kontra. Bakoitzak 3.000 euro ditu jokoan. Bakoitzetik eta egin beharreko lana: 6 kilometro korrika eta segan ordu eta erdi osatu arte.

Asteartean, urriaren 12an Iñigo Merkader segalari eta arraunlari hernaniarrak desafio polita du aurretik. Mikel Lizartza segalari tolosarraren aurka korrika eta segan ariko da. Urnietako Xoxoka auzoan elkartuko dira bi kirolariak, 11:30etatik aurrera. Bakoitzak, 3.000 euro jarri ditu jokoan. Biak ala biak, segalariak izanik, segan amaituko dute apustua, baina aurretik korrika egin beharko dute. Sei kilometro osatu beharko dituzte eta geratzen zaien denbora, ordu eta erdi osatu arte, segan egingo dute. Irabazlea izango da, belar kilo gehien mozten duena.

Apustua iraileko lehenengo asteburuan sortu zen. «Sega sail txapelketa amaituta, Azpeitiko Mendizabal erretegian, koadrilan afaldu genuen. Mikel Lizartza ere bertaratu zen afaltzera eta horrelakoetan ahoa berotzen zaigu eta desafio baten inguruan hasi ginen hizketan. Horrela sortu zen ideia, nahiz eta apustua egiteko gogo gutxien nik izan momentu horretan».

Irailaren 9rako jarri zuten hitzordua Mendizabalen bertan eta egun horretan itxi zuten apustua. «Hasiera batean larunbata proposatu zuen bi orduko lana 10 kilometro korrika egin eta gero. Nik esan nion hori ez nuela onartuko. Hurrengo proposamena 8 kilometro eta ordu eta erdiko lana izan zen eta nik sei kilometro baina gehiago ez nituela egingo argi neukan».

Azkenean sei kilometrotan geratu zen erronka eta berehala hasi genituen prestaketa lanak.  «Sega sail txapelketan pare parean aritu ginen eta badakit bera korrika ongi moldatzen dela. Mendi lasterketaren batean ere aritutakoa omen da eta ni baino arinagoa da».   

Hala ere, Arkaitzpe baserriko segalariak korrika sentsazio onak izan ditu azken hilabetean. «Txarrenean jarrita ere, sei minutu galduko nituzke, kilometroko minutua galduta. Segan ordu bete edo ordu eta bost minutu ariko gara».

Korrikako lana bere kabuz prestatu du Iñigo Merkaderrek eta segako lanean, Joxe Luis Merkader aita eta Suharri Irazustabarrena izan ditu laguntzaile. «Oso gustora aritu naiz entrenamendu saioetan. Hasieran beldur pixka bat banuen, baino egunak aurrera joan ahala gero eta hobeto sentitu naiz, bai fisikoki eta baita buru aldetik ere. Non sartu naiz? Galdetzen nuen aurreneko astean, baina orain ezin gustorago nabil eta kristoren gogoa daukat apustua jokatzeko».

Merkaderrek argi zuen apustua orain egin behar zela eta ez beranduago. «Hasiera batean Lizartzaren ideia maiatzean egitekoa zen, baina nik orain egin nahi nuen. Gero arrauneko denboraldia hasiko da eta ez nekien maiatzean nola egongo nintzen eta aukerarik izango nuen desafioa jokatzeko».

 

«Ongi prestatua nago»

Hernanin futbolean jokatu eta gero, segan hasi zen eta azken bi urteetan arraunean aritu da, Donostiarra klubean. «Oso ongi etorri zait. Oso ongi prestatuta ikusten dut nire burua. Lan horri ez diot inongo beldurrik. Arrauneko entrenamenduetan erritmo lasaian aritzen gara korrika».

Hala ere denbora polita egingo duela uste du hernaniarrak. «Segan saio potentea geratuko zaigu. Korrika ezin da dena eman, gero apustua luzeegia egin daiteke bestela. Bere erreferentziak, uda osokoak, badauzkagu».

Sega sail txapelketan sailak aurretik amaitu zituen Merkaderrek, nahiz eta epaileak belar batzuk moztera bueltatuarazi zuen hernaniarra. Arraun denboraldia amaitu berritan, sega saioak apenas egin zituen. Ondoren, azken hilabetean, segako lana behar bezala prestatzeko aukera izan du. «Beti aritzen naiz segan, kapritxoa edo 'monoa' sartzen zaidanean. Abuztu erditik aurrera hasi nintzen serio, arrauneko denboraldia ia amaitzear zegoenean».

Arrauneko esperientziak asko lagundu omen dio kirolari bezala heltzen. «Bi urte eta erdi-hiru urte hauetan aldaketa haundi xamarra izan dudala uste dut. Ez naiz orain bi urteko mutila, orain helduagoa naiz alde guztietatik, bai fisikoki eta baita buru aldetik ere».

 

«Eguraldi ona egitea nahi dut, jendea hurbiltzeko, eta kargako belarra badago, hobe»

Ondo bidean, apusturako sailak bihar prestatuko dituzte. Merkaderrek, aukeran, nahiago du belarrak pisua izatea. «Eguraldi ona nahi dut, jendea hurbiltzeko eta belarra haundia badago, kargarekin, hobe. Eta uste dut horrela egongo dela. Orain hilabete, apustua itxi genuenean erabaki zen lurra ongarritu behar zela eta horrela egin genuen. Ordutik euria ere egin du eta beraz, uste dut, belarrak pisua izango duela».

Apustua irabazteko gakoa segako lanean dagoela uste du Merkaderrek. «Ordu  eta erdiko apustua, luzea da. Korrika erritmo ona hartu behar da, baina gehiegi estutu gabe. Lan batetik besterako trantsizioa zaila izaten da eta kosta egiten da gorputzari buelta ematea korrika hustuz gero. Hori, ahalik eta ondoen pasatuz gero, erritmoari eutsi behar zaio eta indarrik badago azkenengo minutuetan estutu».

Belarra biltzen, betiko koadrila izango du eta Julen Gabirondoren biltzaileren bat ere bai. Lehenengo apustua du segalari  hernaniarrak eta azkena izango ote den ez daki. Hori bai txapelketekin alderatuta, ezberdina dela nabaritu du. «Ez du zer ikusirik. Nabaritzen da presioa, oihartzun haundiagoa izaten du eta jendeak galdetu egiten dizu zer moduz zauden eta horrek norbera zerbait estutzea dakar. Hala ere, begirada gehiago izate hori, gustatzen ari zait eta polita da. Txapelketen aldean hau beste gauza bat da».

Gastu kontuak ordea, ez daramatza horren ongi.  «Kanpotik ez da horrenbeste ikusten, baina desafio batek gastu asko dakartza. Antidopinga, anbulantzia, belardia, federazioko epaileak, segurua...».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!