Amiantoaren biktima izan diren bi langileren alde, epaiak

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 9a, 00:00

Cofivacasa eta Sidenor Industrial enpresa kondenatu ditu epaitegiak Santiago F.G.ri eta Antonio Mateoren familiari kalteordainak ordaintzera.

Donostiako Lan Arloko 2 zenbakiko Epaitegiak bi epai baietsi ditu Santi F.G. langilearen eta Antonio Mateo mekanikariaren alargunaren auziaren inguruan. Cofivacasa eta Sidenor Industrial kondenatu ditu, Acenorren oinordeko gisa, kalteordainak ordaintzera. 

Santiago F..G Hernanin bizi da, birika minbizia du, eta 304.950,7 euro ordaindu behar dizkiote kalte ordainetan. «Pauso garrantzitsua lanean sortutako minbizia errekonozitzeko, prebentzioa lortzeko eta egindako kalteak ordaintzeko» adierazi du Asviamie elkarteak.

Antonio Mateo hernaniarra zen, Orbegozon mekaniko bizi osoan lan egindakoa, birikako minbiziarekin hil zen. Orain alargunari %50 gehitu behar diote pentsioa, nahiz eta lehenago kalte ordainak jaso.

 

Enpresak ez zituen behar bezalako neurriak hartu

Santi F.G-ren kasuan kalteordaina 304.950,7 euro dira (154.450,06 euro biriketako kartzinomagatik, gehi 50.000 euro eta 100.500,7 euro kalte moralengatik eta bizi-kalitatea galtzeagatik) eta interes solidarioak urtarrilaren 8tik aurrera ordaindu behar dira.

Antonio Mateo mekanikariaren alargunaren auzian,  Gizarte Segurantzaren prestazioei %50eko errekargua gehitzera kondenatu du Sidenor, arnastutako amiantoaren ondoriozko biriketako minbiziak eragindako heriotzagatik. Pedrok Orbegozo-Acenorren mantenimendu-lanak egiten zituen bitartean, enpresak ez zituen betetzen babes-neurriak.

 

Konpentsazio Funtsa sortzea beharrezkoa da

Amiantoaren Biktimen Euskal Elkarteak (Asviamiek) adierazi du pozik dagoela bi epaiekin.  «Enpresak ez zituen bete kantzerigeno arriskuari aurre egiteko prebentzio-neurriak. Enpresa arau-hausleen erantzukizunaz gain, Estatuaren erantzukizuna ere badago baimentzeagatik, gero eta haundiagoa den minbiziaren eta arnas gaixotasunaren izurritearen aurrean. Beraz, premiazkoa da eragindako kaltea konpontzea eta Legebiltzarraren konpromisoak betetzea, Konpentsazio Funtsa sortuz», aipatzen du elkarteak.

Hori dela eta, Asviamiek dei egiten die Legebiltzarreko indarrei Estatuko Aurrekontuen eztabaidan Konpentsazio Funtsa aktibatzera bideratutako partida ekonomiko bat erreklamatzera, «bereziki eragindako kaltea konpondu gabe geratu diren biktimei zuzendua».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!