Hainbat musika talderen doinuekin, erritmo bizi zein lasaia emango zaio urriko kultur agendari

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 9a, 00:00
Hilaren 23an, Anari Milagrosako oholtza gainera igoko da, eguerdiko 12:00etan. Argazkia: Dana Flow.

Ekitaldietarako sarrerak kultura.hernani.eus webgunean eskuratu daitezke, edo Biterira bertaratuz. Gainera, zenbait kultur jardueratako sarrerak dagoeneko eskuragai daude.

Hasi dira jada urriko kultur ekintzak, baina oraindik kontzertu, irakurketa, hitzaldi eta emanaldi mordoa dago aurretik. Urriko hilabetea, Hitz-andanarekin hasi zen, poesia, dantza eta irudi ikuskizunekin. Hala ere, makina bat kultur jarduera daude oraindik ikusi, gozatu eta udazkena girotzeko.

Urriaren 16an, Hernaniko Musika Bandak kontzertua eskainiko die Hernaniko zein Ereñotzuko auzotarrei, Ereñotzuko frontoian, arratsaldeko 18:00etan hasita. Ez da hilabeteko kontzertu bakarra izango, izan ere, urrian,  musikarik ez da faltako. Hilaren 21ean, Besabi taldeak kontzertua eskainiko du, Biterin. Arratsaldeko 19:30etan emango zaio hasiera kontzertuari eta sarrerak dagoeneko salgai daude. 8 euro balio du sarrera bakoitzak, eta bi modutara lortu daitezke; alde batetik kultura.hernani.eus webgunean, edo Biterira bertaratuta.

Musika entzuteaz gain, ipuinekin gure belarriak goxatzeko tartea ere izango dugu. Izan ere, Lur Kortak ipuin kontaketa eskainiko du, Biterin. Arratsaldeko 17:30etan izango da lehen saioa eta bigarrena 18:25etan. Adin tarteari dagokionez, 4 eta 6 urte bitartekoei zuzendutako ipuinak direla azaldu dute antolatzaileek. Halaber, gehitzekoa da, edukiera mugatua izango dela, eta beraz, aurrez gonbidapenak eskuratu behar direla, liburutegian bertan.

Urriaren 23an, gazte eta helduen artean hain maitatua den Anari entzuteko aukera izango da, Milagrosan. Eguerdiko 12:00etan hasiko da kontzertua, eta Txantxiku auzo elkarteak antolatu du ekitaldi hau. Gonbidapenak, Auzo Elkarteak kudeatuko ditu, eta zabalduko dira xehetasun gehiago aurrerago, Kronikan.

Hilabete amaierarako makina bat kultur jarduera antolatu dira, urria behar den bezala agurtu eta azarorako prestatzeko. Hilaren 30ean, herriko txikientzat, Tormesko Laxaro antzezlana Biteriko oholtza gainean izango da, 5 urtetik gorakoei barre algarak eragiteko asmotan. 50 minutuko iraupena izango du, Pedras de carton konpainiak eskainiko duen haur antzerki honek. Eguerdiko 12:00etan emango zaio hasiera, eta testurik gabekoa izango da. Sarrerak, kultura.hernani.eus webgunean edo Biterin eskuratu daitezke.

 

Gau beltza, hilabete amaieran

Ate joka dago urriak 31, hain justu, arimen gaua ospatzen da eta aspalditik deitu zaio Euskal Herrian: Gau beltza. Hau kontuan izanik, Hernaniko Musika Bandak kale buelta egingo du auzoetan barrena, gaua girotu eta urriari amaiera ederra emateko. Arratsaldeko 20:00etatik aurrera izango da.

Hala ere, gauaz gain, arratsaldean, hainbat kontzertu antolatu dira, hala nola, Trio do Portu, Ainhoa Larrañaga eta Zarzaparrilla. Bizipoza soinu eta kultura libre elkarteak antolatutako kontzertu hauek, arratsaldeko 17:00etan hasiko dira, Urbietako kaleko musika kioskoan.

Erakusketak, literatura solasaldiak eta gazteentzat ekintzak

Urrian zehar, gainera, bi literatura solasaldi eskainiko dira. Lehena datorren astean izango da, hain justu hilaren 13an. Benito Pérez Galdósen Tristan liburuari buruzko solasaldia eskainiko da, arratsaldeko 19:00etan, Biterin. Amaia Garciak gidatuko du saioa, gaztelaniaz. Bigarren solasaldia, Fermin Etxegoienen Autokarabana liburuari buruzkoa izango da. Honi arratsaldeko 19:00etan emango zaio hasiera, Biterin. Ana Mayozek gidatuko du, eta euskeraz izango da.

Solasaldiez gain, erakusketa bat egongo da urrian zehar. Jada ikusgai dago eta hilaren 23ra arte dago aukera bertaratzeko. Miguel Montero eta Isidoro Avilak, Akuarelak eta Harri Artistikoei buruzko erakusketa jarri dute ikusgai, Biteriko erakusketa gelan.

Hernaniko Gaztelekuak ere ekintza mordoa antolatu ditu udazkenerako. Eginak dituzte hauetako ekintza batzuk, hala nola, Igeldoko Capony abentura parkera urriaren 2an joan ziren, eta Scape Room-a Hernanin barrena, ostegunean egin zuten. Hala ere, hilaren 20rako, lorontziak egiteko tailerra antolatu dute Gaztelekuan bertan. Arratsaldeko 17:30etatik aurrera izango da, eta aurrez izena eman beharko da hgaztelekua@hernani.eus helbidera idatzita.

Tailerraz gain, urriaren 28 eta 29an Gau Beltzari lotutako maskarak egingo dituzte, arratsaldeko 17:30etatik aurrera, Gaztelekuan.

 

URRIKO EGITARAUA

HERNANI

Urriak 16

18:00 Kontzertua. Hernaniko Musika Banda. Ereñotzuko frontoian.

Urriak 21

19:30 Kontzertua. Basabi taldea. Sarrerak 8 euro balio du. Biterin.

Urriak 22

17:30 eta 18:15 Ipuin kontaketa. Lur Kortak. 4 eta 6 urte bitarteko haurrentzat. Biterin. Edukiera mugatua eta gonbidapenak liburutegian.

Urriak 23

12:00 Kontzertua. Anari. Txantxiku auzo elkartearen eskutik. Milagrosan.

Urriak 30

12:00 Haur antzerkia. Tormesko Laxaro. Pedras de Carton konpainiaren eskutik. 5 urtetik gorakoentzat. Biterin. Sarrerak kultura.hernani.eus webgunean.

Urriak 31
20:00 Gau beltza. Hernaniko Musika Bandaren kale buelta auzoetan barrena.

Urriak 31

17:00 Kontzertuak: Trio do Portu, Ainhoa Larrañaga eta Zarzaparrila. Bizipoza soinu eta kultura libre elkarteak antolatuta. Urbieta kaleko musika kioskoan. 

LITERATURA SOLASALDIAK

Urriak 13
19:00 Liburua: Tristana. Benito Pérez-Galdós. Biteriko liburutegian. Amaia Garciak gidatutakoa, gaztelaniaz.

19:00 Liburua: Autokarabana. Fermin Etxegoien. Biteriko liburutegian. Gidaria Ana Mayoz, euskeraz.

ERAKUSKETAK
Urriak 23ra arte

Akuarela/Harri artistikoak. Egileak: Miguel Montero eta Isidoro Avila. Biteriko erakusketa gelan.

GAZTELEKUA

Urriak 20
17:00 Lorontziak Gaztelekuan.

Urriak 28 eta 29

17:30 Gau Beltza. Maskarak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!