Hernani eta Irun artean ez da trenik izango, larunbatetik asteartera

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 8a, 00:00

Renfe zerbitzua etengo da bihartik asteartera, Irun eta Hernani artean.

Autobus-transbordoak eskainiko ditu Renfek aldiriko geltokietatik gertu dauden hiri autobus geltokietan.

Renfek jakinarazi duenez, Donostian Iztuetan egiten ari diren obraren amaieraren ondorioz eta Hernani eta Irun artean egiten ari diren beste trenbide-azpiegitura batzuk amaitu bitartean, trenen zirkulazioa etenda geratuko da bi trenbideetatik, Hernani eta Hendaiako geltokien artean, larunbata eta asteartea bitartean. Hori horrela izanik autobus-transbordoak eskainiko ditu Renfek. 


Hernaniko kasuan, Floridako geltokiraino iritsiko dira tren guztiak eta hemen bidaiariek autobusa hartuko dute Irun aldera joateko. Irundik Hernanira ere autobusez egingo dute bidea.


Brinkolarako autobusak ohiko ordutegia baino 5 minutu lehenago irtengo dira. Autobus guztiek, 'Renfe' bezala identifikatuta, aldiriko geltokietatik gertu dauden hiri-autobusen markesinetan egingo dituzte geldialdiak eta irteerak.


Distantzia ertaineko trenetan, Irun eta Andoaingo geltokiaren artean egingo da autobus-aldaketa. Bestalde, Irunen irteera eta helmuga duten distantzia luzeetako trenetako bidaiariek ere autobusez bidaiatuko dute: Madrid Chamartín (Tolosan), Coruña eta Vigo (Gasteizen) eta Bartzelona (Iruñean).  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!