Autobus zerbitzuari buruzko kexak bidaltzeko atala, Udalaren webgunean

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 7a, 00:00

Herritarren eta Aldundiaren artean bitartekari lana egin nahi du Hernaniko Udalak, horrekin. Urriaren azkeneko asterako eskatu dio bilera Aldundiari, eta bertan helaraziko dizkio kexak.

Herritarren artean zailtasun eta kexa ugari sortu ditu autobus zerbitzu berriak. Eta horiek bi­de­ratu eta herritarren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean bitartekari lanak egiteko, horri eskainitako atal bat sortu du Hernaniko Udalak, bere webgunean (hernani.eus). 


Bertan, formulario erraz bat aurkituko dute herritarrek, bere kexa edo iradokizuna helarazteko. Internet bidez moldatzen ez denak, udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzura jo dezake, eta bertan jasoko dute bere kexa.

Aldundiarekin bilera, urriaren azkeneko asterako eskatuta
Jasotako kexa horiek, Aldundiari helaraziko dizkio Udalak, urriaren azkeneko asterako eskatu dion bileran: «udal bezala identifikatu ditugun kezkak helaraziko dizkiogu, eta horrekin batera, herritarrek guri helarazi dizkigutenak ere bai, Aldundiak kontutan izan ditzan, zerbitzua hobetze aldera».


Atzo aurkeztu zuen webguneko atal berria, Xabier Lertxundi alkateak; eta gogorarazi zuen, autobus zerbitzuarekin dauden arazoak ez direla egun batetik bestera sortu: «2017ko irailean, Aldundiak aurreproiektua argi­taratu zuenean jakin genuen autobus zerbitzuaren lizitazio berri bat egingo zela, aldaketa haundi bat suposatuko zuena. Eskatu genion aurreproiektua alde batera utzi eta berriro abiatu zezala prozedura, udalekin eta herritarrekin elkarlanean. Baina ez zuten hori onartu, eta herritarren artean mugimendu haundia sortu zen, murrizketa eta aldaketa asko izango zirelako. Orduan ere, bitartekari lana egin genuen, herritarren alegazioak jaso eta Aldundiari helarazteko. Zein alegazio onartu ziren, proiektua argitaratu zenean bakarrik jakin genuen; eta agerraldia egin zuten Hernani, Usurbil eta Andoaingo orduko alkateek, salatzeko prozeduraren informazio eta komunikazio falta».


2021eko uztailaren 1ean jarri zen martxan zerbitzu berria: «aldaketak ziren pila bat. Enpresa berriak, ordutegi berriak murrizketekin, geltoki batzuk kenduta, lineak izen berriekin... Eta herritarrok ez genuen denborarekin jaso horren berri. Aste eta hilabete konplikatuak izan dira zerbitzuarentzat. Udaran bilera egin genuen Aldundiarekin, eta onartu zuten zailtasunak izaten ari zirela, eta irailean aldaketak egingo zituztela. Hala izan da, baina Hernanin eragin gutxi izan dute». Hori horrela, alkateak dio, aurreko zerbitzuaren aldean, ordutegi murrizketa eta geltoki gutxiago dauzkala Hernanik: «guk udal bezala ere badaukagu kezka, geltoki bakoitzak baduelako bere funtsa, eta horiek kentzeak zerbitzua kaltetzen duelako».
Egoera horretan, Hernaniko Udalean «kexa asko» jasotzen ari dira herritarren aldetik, «gure eskumena ez izan arren». Eta nahi dutena da, webgunearen bitartez herritarrei erraztu zerbitzuaren inguruko iritziak edo kexak egitea, Aldundiari helarazteko. Bi astez egongo da atala zabalik, webgunean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!